[Bideoa] Herria txukun mantentzea ederra dela aldarrikatu dute udalekutakoek
Udaleku irekietako haurrek eta begiraleek flashmob bat grabatu dute, Zetak-en egokitutako erritmoetara. Aurten natura lantzen ari dira.
Oiartzungo udalekuak azkeneko astean sartu dira. Aurten lantzen ari diren gaia natura da, eta horrekin lotuta, flashmob bat egin dute udalekuetan dabiltzan haurrek eta begiraleek. Gazteoiartzun blogera igo dute.
Zetak taldearen Zeinen ederra izango den abestia moldatu du Irati Matelok (bideoa ere berak muntatu du). Silvia Schickek, Idurre Adurizek eta Laura Garnateok ere beren ekarpena egin dute. Flashmobeko kantaren testua moldatu dute zeinu hizkuntzara, eta, denek ulertzeko, leihotxo bat eskaini diote hizkuntza horri bideoan.
Flashmobaren bitartez helarazi nahi duten mezua da ingurua txukun mantendu behar dela, hondakinak bakoitzari dagokion edukiontzian botata.
Ziur udalekuek haurren memorian arrastoa utziko dutela. Arrastoa utzi behar ez duena zaborra da.