Hodei Lujanbio, bigarren BUTS Txiki ultra trail lasterketan
Andoin eta Antsoain arteko 75 kilometroko lasterketan bigarren postuan sailkatu da Lujanbio. Asteburuan Faltzesen irabaz dezake Navartrail.
Hodei Lujanbio altzibartutako goizuetarrak beste emaitza ikusgarri bat lortu du. Oraingo honetan Basque Ultra Trail Serieseko (BUTS) Gasteiz-Iruñea etapan podiumeko bigarren koskara igotzea lortu du.
BUTS Txikian parte hartu du Lujanbiok, Andoin (Araba) eta Antsoain (Nafarroa) lotzen zituen 75 kilometroko lasterketan (txikia izena antolatzaileek jarri diote; handia 130 kilometrokoa da). 3.950 metroko desnibel positiboko lasterketa egiteko zortzi ordu, 24 minutu eta hogei segundo behar izan zituen.
Iñigo Arantzamendi irabazlearengandik hamahiru minutu pasatxora iritsi zen. Julen Martinez de Estibarizek bete zuen podiuma, Lujanbio baino hemezortzi minutu geroago helmugaratuta.
Datorren igandean Navartrail Nafarroako kopa eskuratzeko aukera du. Izan ere, sailkapeneko lehen postuan dago goizuetarra. Bosgarren eta azken lasterketa igandean jokatuko dute, Faltzesen. Eskura du txapela.