Hiru ibilbide gidatu, ingurune zoragarrian
Ibilbide gidatuak egiten hasiko dira abuztua eta urria bitartean Aiako Harria eta Lau Haizeta Parkean, Errenteria-Oreretako Listorreta-Barrengoloia aisialdi guneko Gida Zerbitzu Ofizialaren bidez.
Ibilbide gidatuak egiten hasiko dira abuztua eta urria bitartean Aiako Harria eta Lau Haizeta Parkean, Errenteria-Oreretako Listorreta-Barrengoloia aisialdi guneko Gida Zerbitzu Ofizialaren bidez. Eskainiko diren hiru ibilbide gidatuetatik lehena, Lau Haizeta parkea eta bere monumentu megalitikoak izango da. Abuztuaren 8an egingo dute 10:00etan eta elebitan izango da. San Marko gotorlekuan du hasiera puntua. Bisitan 600 hektareako naturgune babestuan aurkitzen den Txoritokietako estazio megalitikoa ezagutuko dute bertaratzen direnek. lehen gizakiek hildakoei egindako monumentu prehistorikoak ikusiko dituzte, trikuharriak eta tumuluak. Ez hori bakarrik, XIX mendeko San Marko eta Txoritokieta gotorleku militarrak eta inguruko baso eta hezeguneak ezagutzeko aukera izango dute. Bisitak, hiru orduko iraupena du.
Aizpitarte haitzuloetako bisita da bigarren proposamena. bertan duela zenbait urte egindako aurkikuntzek interes berezia piztu dute inguruarengan. Aurkitutako grabatuek arbasoen bizimoduaren gaineko ezagutza sakontzeko balio dute. Bisitaren iraupena ordu eta erdikoa da. Abiapuntua Listorreta-Barrengoloiako Parke Naturaleko Bulegoa izango da.
Añarbeko Baso erreserbaren bisita gidatuarekin jarri diote ginga eskaintzari. Irteera horretan, paisaia zoragarriez gozatzeko aukeraz gain, Malbazarko eta Pagosardeko hezeguneetan aurkitzen den fauna, flora eta euren berezitasunak ezagutzeko aukera izango da. Lau orduko iraupena izango du bisitak. Abiapuntua, Susperregi jatetxeko aparkalekua izango da.
Urrira arte egingo dituzte bisita gidatuak, eta guztira hamabi eskainiko dira. Guztiak 10:00etan hasiko dira, baina egun eta abiapuntu ezberdinetan. Lau Haizeta parkea eta Txoritokietako Estazio Megalitikora bisita gidatuak abuztuaren 8an, irailaren 11n eta 19an, eta urriaren 9an egingo dituzte; Aizpitarteko leizeetako aztarna paleolitikoen bisitak, abuztuaren 14an, irailaren 5ean eta 25ean eta urriaren 17an; Añarbeko Baso Erreserbaren bisitak berriz, abuztuaren 22 eta 28an eta urriaren 3an eta 23an izango dira.
Ibilbide guztiak doakoak dira baina beharrezkoa da aurretik erreserbatzea Errenteriako Turismo Bulegoan 943 49 45 21 telefono zenbakira deituta edota posta elektronikora mezua bidalita. Bulegoaren ordutegia honakoa da: astelehenetik igandera 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara uztaila eta abuztuan. gainontzekoetan, asteartetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara eta igandetan, 10:00etatik 14:00etara.