San Pedroko kioskoa Lonjako plaza berrian jarriko dute
Kokalekua emateaz gain, arrapala bat jarriko diote kioskoari irisgarritasuna hobetzeko asmoz.
Kioskoaren itxura berriaren planoak aurkeztu ditu gaur udalak. San Pedroko frontoian zegoen kioskoa duela 10 urte kendu zuen udalak. Inolako planik gabe Torreatzen geldirik egon da eta Nahikari Otermin, hirigintzako zinegotziak gaur esan du, Lonjako plazan jarriko dutela.
Orain arte ez dutela kioskoa birkokatzeko lekurik topatu argudiatu du Oterminek, eta oraingo aukera hau ez dutela “galtzen utzi” nahi adierazi du. Izan ere, bigarren fasean sartu dira portu inguruko plaza honen lanak: “Lonjako plazako obraren bigarren faseari ekingo zaiola ikusita, eta hori jartzeko kokaleku egokiena dela iritzita, Udalak aukera horrekin aurrera egitea erabaki du”.
Kioskoa berrituko dutela ere eman du jakitera zinegotziak. Kanpo estetika aldatzeaz gain, arrapala bat jarriko diote, “emanaldietarako materiala errazago igo ahal izango da” eta nabarmendu du, mugikortasun urriko pertsonek igo ahal izateko ere baliagarria izango dela.
Kioskoaren berritze lanak udalak bere gain hartuko dituela azaldu du Oterminek, aldiz, irisgarria izateko lanak Portu Agintaritzaren ardura izango dira.
