Fanderiako proiektua babestu du Elkarrekin Podemos-IUk
Proiektuak Fanderian trafikoa murrizteko balioko duen zalantzarik ez du Elkarrekin Podemos-IUk, "hainbeste arazo eragiten duten ilara bikoitzak ezabatu, eta gainera, oinezkoentzako ibilbide seguruak sortuko ditu".
Babesa azaldu dio Errenteriako Elkarrekin Podemos-IUk udalak Fanderian “ibilgailuen eragina arintzeko” ondu duen proiektuari. 2019-2023rako gobernu taldeak (EH Bildu eta Elkarrekin Errenteriak osatzen dute) osatutako Agintaldi Planean jasota zegoela proiektu hori ekarri du gogora hautesle elkargoak, eta helburuari jarri dio azpimarra: “oinezkoen loturak hobetzea auzoan bilatzen zen eta neurri handi batean kanpokoa den eta auzotik pasatzen den trafikoari irtenbide bat ematea. Horiek dira auzoaren arazo nagusienak”.
Udalak egindako hasierako proposamena, gainera, hobetuta dator Elkarrekin Podemos-IUren esanetan, “Erdiko Erreka auzo elkartearen eta proiektua kolokan jarri duen Fanderiako bizilagun talde baten ekarpenetako batzuk ekarri baitira eta proiektua horiekin osatu. Publikoki eskertu nahi dugu inplikazioa eta egindako ekarpenak”. Proiektuaren inguruan “tentsioak” sortu direla ere esan du, bestalde, “ikuspegi ezberdinen artean”, eta jakin badakiela ez direla horiek “goizetik gauera” desagertuko. Proiektuarekin desadostasuna dierazi duen auzotar talde batek herri kontsultarako egindako eskaeraren gainean ere mintzatu da hautesle elkargoa. Ez du uste kontsulta horretarako baldintzak ematen direnik: “Herri galdeketa planteatzeak elkarbizitza kaltetuko lukeela uste dugu, kontsulta hori ez bada, bederen, ikuspuntu ezberdinen arteko adostasunaren emaitza”. Galdeketa babesteko prest azaldu da hura justifikatzeko baldintzak betetzekotan, “auzoak, gehiengo osoz, aldeen artean adostutako galdera planteatuko balu, babestuko genuke galdeketa hori”.
Proiektuak Fanderian trafikoa murrizteko balioko duen zalantzarik ez du Elkarrekin Podemos-IUk, “hainbeste arazo eragiten duten ilara bikoitzak ezabatu, eta gainera, oinezkoentzako ibilbide seguruak sortuko ditu. Arrazoi horiek guztiak nahikoak dira proiektuari publikoki babesa emateko”.