Bisita berria eskainiko du aurrerantzean Fanderiako errotak
Eiheraren mekanismoa martxan ikusteaz gain, artoa irin bihurtzeko prozesua ezagutuko dute bisitariek; hileko bigarren asteburuan eskainiko da bisita aurrerantzean.
Fanderiako Errotako Ibaiaren Interpretazio Zentroa edo Ibaiaren Etxea bisitatzeko aukera berria eskainiko du hil honetatik aurrera Errenteriako Udalak. Zehazki, errotaren mekanismoa martxan jarri eta artoa irin bihurtzen ikusteko aukera izango dute aurrerantzean bisitariek. Hileko bigarren asteburuan izango dira demostrazioak, 10:30etik 14:00etara.
Bisitak gida baten laguntzarekin edo norberak bere kabuz egin daitezkeela gogorarazi du udalak, baina horretarako aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa dela zehaztu du. Ondoko posta elektronikoan edo 943 49 45 21 telefono zenbakian harremanetan jarri beharko dira interesdunak hitzordua finkatzeko. Azkenik, hilero tailerrak antolatuko direla erantsi dute.