Hodei Lujanbiok irabazi du 2021eko Navartrail Kopa
Faltzesen egindako Pilon Trail lasterketa irabazi ondotik txapela janztea lortu du Lujanbiok; Espainiako Trail Running txapelketan lehiatuko da larunbatean, Kanaria uharteetan.
Oiartzunen egokitutako Hodei Lujanbio goizuetarrak 2021. urteko Navartrail Kopako txapela jantzi du. Hilaren 1ean, igandearekin, korritu zuen kopako bosgarren eta azken lasterketa, Pilon Trail izenekoa, Faltzesen (Nafarroa). Lujanbiok 1.10,55eko denboran egin zituen ibilbideak zehaztutako 16 kilometroak. Sailkapen orokorrean 390 puntu bilduta jantzi zuen txapela goizuetarrak.
Hilaren 7an, bestalde, Palman (Kanaria uharteak) ariko da korrikalaria. Zehazki, Espainiako Trail Running txapelketan lehiatuko da. Nafarroa ordezkatuko duen bost korrikalarietako bat izango da Lujanbio. 31,8 kilometroko zeharkaldiari eta 2.679 metroko desnibel pilatuari aurre egin beharko diote kirolariek Reventon Trail izenpeko lasterketan.