Udalekuen balorazio «oso positiboa» egin dute umeen gurasoek
Batez beste 8,25eko puntuazioa eman diete gurasoek udalekuei; emaitzei erreparatuta bide beretik baloratu ditu udalak umeentzako udako aisialdi guneak.
Uztailean zehar egindako udalekuen balorazio «oso positiboa» egin dute parte hartzaileen gurasoek. Hala jakinarazi du gaur Lezoko Udalak ohar baten bidez, eta nabarmendu duenez, «batezbesteko puntuazioa 10etik 8,25ekoa izan da». Emaitzari erreparatuta udalak ere «oso positibotzat» jo ditu umeei zuzendutako udako aisialdi guneak.
Hezitzaileak, Haurren arteko harremanena eta Udalekuetan egon den giroa atalek jaso dute puntuazio handiena, udalaren arabera. Zehazki, «9 baino nota altuagoa» jaso dutela erantsi du.
Pandemia dela-eta «urte eta erdi oso zaila bizi izan dute familiek eta haurrek», adierazi dute udaletik eta beraz, udaran aisialdirako «ekintza seguruak» ezinbestekoak zituzten. Hala, hilabete osoan zehar dozenaka jarduera egin dituztela talde burbuilak osatuz horretarako, «betiere txikien segurtasuna bermatuz.» Lezoko Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie hezitzaileei eta parte hartu duten guztiei.