Orientazioa lantzea emakumeen ahalduntze prozesu gisa
Patri Espinar mendi gidariak emakumeei zuzendutako orientazio tailerra garatzen ari da udaletxean; Kulturabirusaren baitan aurreikusitako azken tailerra da gaurkoa.
Emakumeei bideratutako orientazio ikastaroa burutzen ari da Patri Espinar mendiko gidaria gaur goizean zehar, Oiartzungo udaletxeko areto nagusian. Emakumeak ahalduntzea eta «haien kabuz, inoren menpe» mendian ibili ahal izatea da helburua, Espinarrek nabarmendu duenez. Kulturabirusaren baitan Oiartzungo Feministen Asanbladak antolatutako ekitaldia da orientazio ikastaroa, egitarauaren baitan aurreikusitako azken saio parte hartzailea.
Zortzi bat lagunek parte hartu dute tailerrean. Saio «berezitzat» jo du gaurkoa Espinarrek, ohikoan lau orduko sei saio eskaintzen baititu eta gaurkoak saio bakarra eta soilik lau ordu edukiko dituelako. Hala ere, hainbat gako irakatsiko dizkie parte hartzaileei: «Natura interpretatu, mapa irakurri, iparrorratza erabili…».
Mendian orientatzeko zein izan daitekeen gakoa galdetuta, lehenik eta behin «nora goazen jakin behar dugu», erantzun du. Erantsi duenez, «horretarako aurretik lan pixka bat egin behar da: nora goazen jakin, eguraldia begiratu, mendi horren ibilbide posibleak bilatu…». Horrez gain, material egokia eramatea ezinbestekoa dela azpimarratu du: «Arropa, botak eta euritarako jantzi aproposa, eta jakin behar da interpretatzen natura, eguzkia, eta iparra non dagoen. Era berean, maparen irakurketa eta erabilera kontrolatu behar dugu jakiteko aukeratutako bideak nondik doazen. Gaur egun dena markatuta dagoen arren, bide asko daude eta gurea zein den jakin behar dugu, nondik doan, bidegurutzean norantz jo…».
Norbere burua orientatzea
Emakumeak ahalduntzeko sortu zituen Espinarrek orientazio tailerrak. «Historikoki eta kulturalki gizarte matxista batean bizi gara eta emakumeak beti joan dira gizonen gidaritzapean, beraz, gutxitan utzi zaie emakumeei ardura hori hartzen». Hortaz, emakumeak gaizki orientatzen direla uste okerra dela argudiatu du: «Inork ez die orientatzen irakatsi».
Ildo horretan, harentzat mendian orientatzen ikastea «ahalduntze prozesu» bat izan zela onartu du. Hainbat goi mendietan ibili ondoren erabaki zuen orientazioaren esparruan trebatzea, «galdu nintzelako mendian lo egin behar izan nuenean bereziki».
Tailerrean parte hartzen ari diren lagunak orientazioan laguntzeko hainbat gako eta lan ildo jasoko dituzte gaurko saioan. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziaduna da Espinar eta mendi gidariaz gain, eskalada hastapen eskolak ere ematen ditu, eta pilotari profesional gisa aritu izanagatik ezaguna da. Futbolean ere ibili da Oiartzunen egokitutako bizkaitarra. Emakumeen artean pilota eta mendia bultzatzeko sortu zuen, halaber, Plaza Emakumeak Kirol Elkartea.
Kulturabirsaren azken saio parte hartzailea izango da gaurkoa. Hil honetan zehar, hala ere, Puskak biltzen erakusketa bisitatzeko aukera izango da, baita Oidultz dultzaina taldearen eta ezkila-joleen emanaldiak jarraitu ere.