Ekitaldi politikoa egingo du Orreaga Taldeak igandean
'Altxa burua: Euskal estatua gara!' lelopean 2021eko Askatasunaren Eguna ospatuko du taldeak; «herri zapalduak duen arrazoiaren indarra metatzera» deitu ditu abertzaleak Orreagak.
Orreaga Taldeak 2021. urteko Askatasunaren Eguna ospatuko du hilaren 15ean, igandearekin. Pasai Donibaneko Santiago plazan finkatu dute ekitaldi politikorako hitzordua, 12:00etan hasita. Hala ere, 11:30ean Bizkaia plazan bilduko direla jakinarazi dute antolatzaileek. Altxa burua: Euskal estatua gara! lelopean, «herri zapalduak duen arrazoiaren indarra metatzera» deitu ditu abertzaleak Orreagak.
«Euskal Herriaren egoeraren diagnosiak erakusten digu herri okupatu batean bizi garela: erabakimena beste batzuen eskuetan dago», adierazi dute Orreagako taldekideek. Erantsi dutenez, «baina guk baldin badakigu estatu bat izan genuela eta estatu hori legez kontra, bortxaz, lapurtu zigutela, horrek automatikoki ematen digu arrazoia».
Taldekideen aburuz ez dago munduan «iraganean aske izan eta estatu bat sortzera iritsi zela horri uko egin dion» herrialderik. Areago, «uko egin ez diotenek lortu dute berriro independentzia». Letonia jarri dute adibide gisa: «Letoniak, 1991n, independentzia berreskuratu zuenean idatzitako deklarazioan, 1918an eraiki zuten estatua aipatu zuen. Estatu hura nazioartean onartu zutela eta, euren borondatez inoiz uko egin ez ziotenez, indarrean jarraitzen zuela. Deklarazio horretan ez du jartzen estatu berri bat sortu zutenik, ez; estatuaren jarraitutasun bat izan dela diote». Hala, burua altxatzera deitu dute, «euskal estatua baikara».