Oiartzun ibaian kokatutako hiru presa eraisteko proiektua txalotu du Eguzkik
Ergoien auzoko Aiendola, Txabola eta Olaetxe presak dira aldundiak eraitsiko dituenak; «lotura ekologikoa hobetzeko» burutuko duela Diputazioak esku hartzea erantsi du talde ekologistak.

Galtzaraberri ibai presa ere eraitsiko du Aldundiak.
Oiartzun ibaiaren arroan kokatutako hiru presa eraisteko proiektuaren tramitazioa txalotu du Oarsoaldeko Eguzki talde ekologistak. «Lotura ekologikoa hobetzeko» balioko duela iritzi dio esku hartzeari taldeak. Gipuzkoako oztopoak iragazkortzeko 2020-2035 plan gidarian jasotakoaren arabera, 228 oztopo ezabatuko ditu Aldundiak lurralde osoan datozen 15 urtean.
Eguzkik zabaldu duenez, Gipuzkoako ibaiek osatutako 600 kilometroko luzeran «konektibitate ekologikoa» bermatzea aurreikusten du planak. Izan ere, «erroten, zentral hidroelektrikoen, lantegien edo antzeko beste instalazio batzuen presek eta ubideek eragotzi egiten dute ibaien eta erreken berezko faunaren, mantenugaien eta sedimentuen goranzko eta beheranzko joan-etorriak». Eragina «arrain fauna migratzailean» bereziki sumatzen dela gaineratu du taldeak. Bestalde, Karrika auzoan kokatutako Galtzaraberriko presa eraisteko kontratazioa martxan dela baieztatu du Diputazioko Obra Hidraulikoetako departamentuak, Eguzkiren arabera.
Azkenik, taldeak gogoratu duenez, 2.000. urtean Oiartzun ibaira itzuli zen izokin atlantikoa desagertzeko arriskuan dagoen espeziea da. Hala, aldundiak ibaian aurreikusitako esku hartzeek «onura zuzena» izango dute espziearen berreskurapenean. Aiako Harriko Natura 2000 Sarera sarbidea erraztuko dio ibai presen eraisteak izokin atlantikoari.
