'Irabazi arte' telesaileko zati bat grabatu dute Lezon
Herriko hainbat kaletan eta frontoian egin dituzte grabaketak EITBren produkziorako. Emakumezkoen futbol talde berri baten historia kontatuko dute.

ETB1en emango duten Irabazi arte telesaileko eszena batzuk grabatu zituzten atzo, osteguna, Lezon. Grabaketak egiteko udalerriko hainbat kale eta frontoia itxi behar izan zituzten udaleko langileek egunean zehar.
Pausoka produktoraren fikziozko telesailak emakumezkoen futbol talde berri baten bizipenak jasoko ditu, nagusiki haur eta gazteei zuzendutako formatuan. Protagonista Arene da (Sua Enparantza), Bartzelonan bizi eta futbolean jokatzen duen neska. Familian gertatu den ezbehar baten ondorioz, Euskal Herrira lekualdatu behar eta bizimodu berrira egokitu beharko da, inguruan dituen aurreiritzien aurka borrokatuz emakumeen futbol talde bat sortu nahi duenean.