Oiartzun eta Pasaiako adinekoen egoitzetan protokoloa zorroztuko dute
Zaintza berezia egingo dute udalerri horietako zentroetan, intzidentzia tasa metatuta 100.000 biztanleko 300 kasutik gorakoa delako.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguneratu eta indartu egin du zentro soziosanitarioetan COVID-19aren zaintzarako eta kontrolerako protokoloa. Araudi berriak ezartzen duenez, gaurtik aurrera zaintza berezia egingo da eremu laranjan dauden udalerrietako egoitzetan -Oarsoaldean Pasaia eta Oiartzun dira horiek-.
Intzidentzia-tasa metatuta 100.000 biztanleko 300 kasukoa edo hortik gorakoa den kasuetan -Pasaian 443koa da, eta 569koa Oiartzunen-, egoiliarren zuzeneko arretako langileei baheketa sistematikoko PCR bat egingo zaie; hortik aurrera, astean behin egingo diete proba hori bera txertoa hartu gabe dauden langileei, eta hamabostean behin txertoa hartuta dutenei.
Horrez gainera, egoiliarren irteeretarako esparrua berritu egin dute, gaua zentrotik kanpo igarotzen den kasuetan. Protokoloaren ezarpen berriaren arabera, zentrora sartzean proba diagnostikoak pertsona guztiei egingo zaizkie, txertoa hartuta egon edo ez -orain arte, txertoa hartu gabe zutenei bakarrik egiten zitzaizkien horiek-.
Protokolo berria gaur sartu da indarrean, eta oraingoz, eskualdeko egoitzen artean Pasaia eta Oiartzunen kokatuta daudenetan besterik ez da ezarriko. Hurrengo egunetan Errenteria-Orereta edo Lezo eremu laranjan sartuko balira (lehenak 244ko tasa du gaur-gaurkoz, eta bigarrenak 280koa), horietan kokatutako establezimenduan ere ezarri beharko litzateke araudi hori.