Aurrenekoz denboraldian, Pasaia Kayak garaile izan da Donostiako uretan
Nagusitasuna erakutsi zuten pasaitarrek Donostia-Pasaia-Donostia proba klasikoan, sasoia hasi zenetik lehen aldiz podiuma koroatuz taldekako sailkapenean.

Larunbatean jokatu zen Donostia-Pasaia-Donostia izenarekin ezaguna den proba klasikoaren XIX. edizioa, Itsas Kayakeko Euskadiko XVI. Koparako puntuagarria, Donostiako Nautiko Klubak antolatuta. Emaitza bikainak lortu zituzten Pasaiako palistek, eta taldekako sailkapenean denboraldian aurrenekoz erdietsitako garaipenarekin biribildu zituen klubak kirolarien emaitzak.
Pasaia Kayakeko Aritz Aranetak urrea lortu zuen gizonezkoen senior kategorian, eta harena izan zen, halaber, ontzirik azkarrena, zumaiarren k-2aren aurretik. Aranetaren atzetik, Lander Rodriguez pasaitarrak eta Aranetaren anai Anttonek ere lan bikaina burutu zuten, eta podiumeko beste bi koskak betez, hurrenez hurren.
Mattin Corral gazteak maila eman zuen kategoria hartan egindako debutean, eta Iker Lizaso eta Guzsti Foix –debuta izan zen azken horrena ere– bigarren eta hirugarren izan ziren kadete mailan. Maialen Vitoriak ere ongi burutu zuen itsas zabalean egin duen lehenengo proba, Eukene Saezek eta Iñaki Fernandezek osatutako k-2 mistoak bezalaxe.
Banakako lorpen guzti horiez gain, nagusitasuna erakutsi zuen klub pasaitarrak ere taldekako sailkapenean; izan ere, beteranoek lortutako puntuak batuta, garaile izan baitzen Pasaia Kayak denboraldia hasi zenetik lehen aldiz itsas kayakeko proba batean. Bigarren postua bermatu dute horrela pasaitarrek koparen sailkapen orokorrean, Lekeition urrian jokatuko den azken proba puntuagarriaren faltan.