Ugaldetxoko hesi "herdoildu eta puskatua" ordezteko eskatu du Eguzkik
Industrialdeko Arbide erreka ondoan dagoen hesia berritzeko eta hondakinek ibaian buka ez dezaten sare bat jartzeko galdegin dio talde ekologistak udalari.
Oiartzungo Ugaldetxo industrialdean zehar, Arbide erreka bazterrean, dagoen hesi “herdoildu eta puskatua” berritzeko eta, bide batez, hondakinak ibaian bukatu ez daitezen hesi hori sare batez hornitzeko izapideak lehenbailehen has ditzala eskatu dio Eguzki talde ekologistak Oiartzungo Udalari.
Era berean, eskatu dio pabiloien eta Arbide errekaren arteko pasabidean –Mamuteko bulego eraikinaren atzealdean, Aislamientos Arellano enpresa parean bukatzen den tartean– ibilgailu motordunentzat trafikoa debeka dezala. Izan ere, istripu bat izan da duela gutxi, auto bat ibaira erori baita.