Aniztasuna bildu du Koldo Mitxelena Herri Ikastetxeak logo berrira
Jon Bengoetxearena da Koldo Mitxelena Herri Ikastetxeak aurrerantzean izango duen logoa. Aniztasunari keinu egin dio.
Jon Bengoetxeak diseinatutako logoa izango du aurrerantzean Koldo Mitxelena Herri Ikastetxeak hezkuntza komunitateak hala erabakita bozka bidez.
Hosto koloretsuz jantzitako zuhaitzak, aldi berean arkatza denak, leku berezia hartu du logo barruan. Marraztea eta idaztea ikasketa prozesuaren oinarri direla azaldu du herri ikastetxeak, “logo berriak, pertsonak hezten eta hazten laguntzeko prozesu gisa erakusten du eskola”. Argi du Koldo Mitxelena Herri Ikastetxeak halako prozesu garrantzitsuak, hezkuntzak, ezin duela inor bazterrean utzi, “denok gara zuhaitz beraren hostoak, bakoitzak dugu gure kolorea, eta hori erakusten dute zuhaitzaren hostoek, denok gara berdinak, baina bakoitza bakarra da, eta aniztasun hori batzen duen enborra da eskola”.
Ikasturte berria gogotsu hasiko duten zalantzarik ez da, baita logo berria lagun dutela ere.