[Galeria] Euripean bada ere, ez dute itxoin Ondartxo estreinatzeko
Urte eta erdiren ondoren zabalik da berriro, gaurtik aurrera, San Pedroko puntetara eta farora doan pasealekua. Egonkortze lanak bistakoak dira.
Pasaitarrek ez dute itxaron nahi izan, euripean izan bada ere, urte eta erdi ondoren gaur berrireki duten Ondartxo bidea estreinatzeko. Hainbat eta hainbat lagun ikus zitezkeen goizeko lehen ordutik puntetara eta farora doan pasealekuaz gozatzen.
Aurrerantzean gerta liratekeen luiziez oinezkoak babesteko (2019 urte bukaeran jazotako lur erortzea ez baitzen lehena izan), lau hilabeteko egonkortze lanak egin dituzte bidearen alboan dagoen mendi-hegalean. Irudietan ikus daiteke lursailen zati handi bat hartzen duen altzairuzko sarea.
Asko irekiera berriaz poztu badira ere, beste hainbat bizilagunek salatu dute 2019ko arazo berberak dituela, oraindik ere, San Pedroko pasealekurik garrantzitsuenak; izan ere, bide bazterrean ikus daiteke, lehendik ere ohikoa zen moduan, inork jaso ez duen zaborra, pilatuta. Pasaiako Portu Agintaritzarena da Ondartxo bidearen eskuduntza.