Segundo eta erdigatik ez da sailkatu San Juan Kontxarako
Emakumeen Kontxarako txartela lortzetik gertuen gelditu direnak izan dira 'Batelerak', zortzigarren bukatu baitute estropada. Zazpi plaza zeuden.
Orain dela minutu batzuk bukatu da emakumezkoen Kontxarako sailkapen estropadaren hamalaugarren edizioa. Erlojupekoa 17:30ean hasi da, eta bertan izan dira San Juango Batelerak, Kontxako Banderagatik borrokatzeko zazpi plazetako bat eskuratzeko ezin gertuago gelditu direlarik: zortzigarren.
Oso hurbil izan duten arren, ezin izan dute pasaitarrek txarteletako bat eskuratu (zortzigarren tokia Donostiarrako traineruak zuen bermatuta), baina harro egoteko moduko sasoia egin dute, laugarren izan direlarik ETE Ligako sailkapen orokorrean, eta Donostiako handian sartzeko zorian, -aurrekoekiko segundo eta erdik utzi ditu kanpoan-.
Zail zuten sanjuandarrek Kontxako Banderarako sailkatzea, eta are gehiago aurten, izan ere, inoiz baino traineru gehiagok eman dute izena emakumezkoen sailkapen estropadarako, 20k, hain zuzen. B multzoko ontzien artean egin du arraun San Juanek.
Ur berdinek hartuko dute bihar gizonezkoen sailkapen estropada, gaurko hitzordua errepikatuz: 17:30an ekingo diote erlojupekoari. Bertan izango dira, pasaitarren ordezkari, San Pedro eta San Juan-Koxtape, zazpi plazetako bat lortzeko borrokan.
Honakoak izan dira lehen hamar taldeak sailkapenean:
1. Donostia Arraun Lagunak. 10:54,00.
2. Orio. 11:02,46.
3. Hondarribia. 11:08,62.
4. Tolosaldea. 11:10,42.
5. Deustu. 11:13,68.
6. Hibaika. 11:13,74.
7. Chapela. 11:16,02.
8. San Juan. 11:17,58.
9. Ondarroa. 11:18,88.
10. Cabo. 11:19,84.