Oarsoaldeko AEK, bizipoza berreskuratzeko asmoz
Oarsoaldeko AEKren lau euskaltegietan ikasturte berrirako izena eman daiteke, irailaren bukaerara arte. Urriaren 4an hasiko dituzte eskolak.
Arras zaila izan zen Oarsoaldeko AEKrentzat 2020-2021 ikasturtea. COVID-19agatik hainbat muga gainditu behar izan zituzten, tartean aurrez aurreko eskolekin harremana zutenak. Baina horiei aurre egin, eta ikasturtea bururaino eraman zuten. 2021-2022an, ohiko txinparta eta bizipoza berreskuratzeko unea uste dute AEKn: talde zabalagoak osatzea dute asmo, eta aldi berean, ikasgela kanpoko ekintzei (txangoak, hitzaldiak, afariak…) berrekin nahi diete, betiere osasun segurtasun neurriak aintzat hartuta. Gainera, Korrika izango da 2022an. Zabalik dute eskualdeko lau euskaltegiek izena emateko epea, irailaren bukaerara arte.
AEK-ko kideek gaur egin dute matrikulazio kanpainaren aurkezpena, Lezon. Jakinarazi dute urriaren 4an ezarri dutela ikasturtea abiatzeko egun bezala, ekainera arte. Euskararen erabileran oinarritutako metodologia dela euren lanabes funtsezkoena, euskaraz bizitzeko bidean. Horrela, euskara ikasi edo hobetzeko aukera ematen dute lau euskaltegietan, baita mailak egiaztatzekoa ere: “Baina horretaz gain, zure egunerokoan euskararen erabilera areagotzea lortuko duzu, eta horretarako kanpo ekintzak oso garrantzitsuak dira”.
Ikasturtea bitartean liburuak, boligrafoak eta blokak bakarrik ez. Irakasleak ere bidelagun izango dituztela nabarmendu dute AEK-ko ordezkariek: “AEKren altxorrik garrantzitsuenak dira, eta ikaslearen pertsonarik hurbilenak”. Hala, irakasleen funtzioen artean jarri dituzte ikasleek ikas prozesuan aurrera egiteko bidelagun direla, baita euskaraz bizi denaren pasioa zabaltzeko duten bokazioa: “Bide guztiak omen doaz euskarara. Eta bideetako batzuk atseginagoak eta eraginkorragoak dira. Hori dela eta, herritarrak animatzen ditugu euskara ikastera AEKren bidean”.
Eskaintza eta bekak
Oarsoaldeko AEKren euskaltegiek ikasleen nahiekin bat egiteko adinako eskaintza dute euskalduntze ikastaroak, mailak egiaztatzekoak, C2, autoikaskuntza, merkatarientzako eta gurasoentzako ikastaro bereziak. langabeentzako eskola trinkoak, C1eko azterketa prestatzeko eskolak eta bestelakoak. Gainera, bekak eskuratzeko aukera ematen dute AEKn, baldin eta ezarritako asistentzia egunak betetzen badituzte.
Irailaren bukaerara arte eman daiteke izena AEK euskaltegietan. Honakoak dira Oarsoaldekoak:
- Xenpelar AEK euskaltegia (Errenteria-Orereta). Biteri kalea 30, 1. pisua. Telefono zenbakiak: 607 56 92 00 eta 943 34 02 33. Posta elektronikoa.
- Intxixu AEK euskaltegia (Oiartzun). Aialde kalea 2, Fermiñene Etxea 1. Telefono zenbakiak: 607 53 42 63 eta 943 49 39 57. Posta elektronikoa.
- Txirrita AEK euskaltegia (Antxo). Zumalakarregi kalea 9. Telefono zenbakiak: 607 54 53 81 eta 943 52 55 45. Posta elektronikoa.
- Oroitzene AEK euskaltegia (Lezo). Donibane kalea 12, atzealdea. Telefono zenbakiak: 607 59 88 71 eta 943 51 91 44. Posta elektronikoa.