Ander Iñarra laugarren Munduko Kopako proban, Austrian
Munduko Kopako sailkapen nagusian seigarren postuan jarri da lezoarra, zazpi probetatik bi bakarrik egin eta gero. Hurrengo lasterketa Euskal Herrian du.
Austriako Hochkönig Skyrace proban laugarren izan zen Ander Iñarra Euskal Herriko Selekzioko mendi lasterkari lezoarra larunbatean. GHiru ordu, 47 minutu eta hiru segundo behar izan zituen 32,6 kilometroko mendi lasterketa egiteko (2.685 metroko desnibel positiboa). Iñarraren aurretik Euskal Herriko selekzioko beste kide bat sailkatu zen, Asier Larruzea (Gueñes, Bizkaia), ia minutuko aldearekin lezoarrarekiko. Gizonen lasterketan etxeko bat izan zen irabazle, Jakob Herrmann austriarra hiru ordu eta 39 minutuko denborarekin. Emakumeetan, oso nabarmena Oihana Azkorbebeitia abadiñoarrak lortu zuen hirugarren postua.
Skyrunner World Series txapelketako (Munduko Kopa da) zazpi lasterketa egin direnean, bertako sailkapen nagusian seigarren postuan jarri da Ander Iñarra. Gainera, nabarmentzekoa da zazpi proba horietako bitan bakarrik parte hartu duela, larunbatekoan eta ekainaren 19an Livignon (Italia) egin zenean: bosgarren sailkatu zen lezoarra han.
Hilaren 26an Euskal Herrira etorriko da Munduko Kopa, Gorbeia Suzien Mendi Lasterketa egingo dute egun horretan.