Bikuña, Gude eta Etxebesteren aldeko ekitaldia "gaitzetsi" du PSE-EEk
Felix Bikuña, Pablo Gude eta Rafa Etxebeste errenteriarren alde egindako ekitaldi baten harira haserrea azaldu du Errenteriako PSE-EEk.
Felix Bikuña, Pablo Gude eta Rafa Etxebeste errenteriarren alde egindako ekitaldi baten harira haserrea azaldu du Errenteriako PSE-EEk. Alderdiko bozeramaile Isaac Palenciak “amorragarritzat” eta “onartezintzat” jo du aipatu ekitaldi hori. Alderdi sozialistak berak jakinarazi duenez, Olibet auzoan izan zen ekitaldi hori joan den larunbatean.
“Giza eskubideen aurkako ekintza” direla halako ekitaldiak esan du Palenciak, eta “biktimak berriro biktimizatzen” dituztela: “PSE-EEk ez ditu ez ekitaldi, ez pankarta ez pintadak nahi bide horretan, eta udalari zein alkateari konpromisoa eskatzen diogu biktimen duintasunaren defentsan”.
Amaitzeko, Espainiako Barne Ministerioa halako ekitaldien antolatzaileei isunarekin zigortzeko lantzen ari den legea babesten duela PSE-EEk esan du Palenciak.