Hutsik dauden etxeen aprobetxamendu soziala galdegin du Podemosek
Ahal Dugu-Podemosek mozio baten bidez eskatu dio udal gobernuari "behar diren baliabide guztiak premiaz jartzeko" hutsik dauden eraikinen ustiapenerako.
Pasaiako Podemos Ahal Duguk mozio bat erregistratu du udalean, premiazko neurriak eskatzeko hutsik dauden etxebizitzen aprobetxamendu soziala bermatze aldera.
Oposizioko taldeak udal gobernuari galdegin dio, gainerako erakunde eskudunekin batera, behar diren baliabide guztiak premiaz martxan jartzeko, hutsik dauden eraikinen ustiapenerako: “Hutsik dauden jabetza publikoko etxebizitzetan, edukitzaile handienetan, bankuetan eta inbertsio-funtsetan jardun behar da”.
Alderdiak argudiatu du egoerak okerrera egin duela pandemia hasi zenetik, 120.000 familia baino gehiago baitaude Euskadin bizitegi-larrialdi egoeran. Hori dela eta, neurrien artean, udalari eskatu diote lehenbailehen ireki ditzala aurretiazko ikuskapen-eginbideak jabetza publikoko etxe guztietan, edukitzaile handien etxeetan, bankuetan eta inbertsio-funtsetan.
Era berean, Eusko Jaurlaritzari eta udal gobernuari eskatu diote berehala has ditzatela azken hiru horien jabetzako azpiegiturak desjabetzeko prozedurak, baldin eta etxebizitza gisa behar bezala erabiltzeko behar den kontserbazio-, mantentze- eta birgaitze-betebeharra betetzen ez bada.
Proposamenak, halaber, Eusko Jaurlaritzari eta foru aldundiei eskatzen die norbanakoen jabetzako bizitoki hutsak egokitzeko obretarako laguntzamlerroak indartzeko, gutxieneko bizigarritasun baldintzak bermatzeko ezintasun ekonomikoa dagoen kasuetan. Zentzu horretan, mozioak etxebizitza hutsen mobilizazioa sustatzea eskatzen du.