Loreto Osak Nahikari Otermin ordezkatuko du EAJren bozeramailetzan
Bihar hartuko du Osak kargu berria; jeltzaleen bozeramaile eta Hirigintza Saileko arduradun izango da aurrerantzean. Oterminek udalari lotuta jarraituko du.
Bihartik aurrera, hilak 14, Loreto Osa zinegotzi pasaitarra izango da Pasaiako EAJ alderdiaren bozeramaile berria, Nahikari Oterminen kargua hartuz. Ardura berriari “ilusio handiz eta erabakitasunez” ekingo diola adierazi du.
Hamar urtez Pasaiako jeltzaleen zerrendaburu izan ondoren, bi urte zinegotzi lanetan daramatzan Osari eman dio testigua Oterminek. Gauzak horrela, Loreto Osa, EAJren bozeramaile berria ez ezik, Hirigintza Saileko arduradun ere bihurtuko da.
Oterminek, bere aldetik, udalari lotuta jarraituko du Euskara Zinegotzi eta Udal Euskaltegiaren arduradun gisa, eta Gazteria Saileko buru ere izaten jarraituko du. EAJren ordezkari gisa ere jardungo du, aldi berean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
Loreto Osa
Osak 39 urte ditu eta ibilbide profesionala sektore pribatuan egin izan du, zuzenbide ekonomikoa eta aholkularitza fiskala ikasi ostean. 2019an egin zuen jauzi udal politikara, Gizarte Ekintzako zinegotzi, Euskara zinegotzi eta Donibaneko Alkateordetzaren funtzio hirukoitza bere gain hartuz. San Markos Mankomunitateko presidente ere bada 2020ko urritik.
“Bi urte hauek oso interesgarriak izan dira”, aitortu du zinegotzi jeltzaleak, “udal baten kudeaketa barrutik ezagutzeko aukera eman didatelako. Gainera, aukera izan dut ulertzeko zer egin daitekeen herritarren bizitza hobetzeko udal ekintzaren bidez”.
Pasaia oparo, euskaldun eta integratzaile bat nahi duten horiek ordezkatzeko konpromisoa hartu du Osak, “bai eta gure herria kalitatezko bizi-proiektu bat egin ahal izateko leku erakargarri bilakatzeko”.