Aparkatzeko sistemaren inguruan hausnartzera deitu du EH Bilduk
Barruti bakoitzean bilkura ireki bana antolatu du koalizioak egoera aztertu eta irtenbideak bilatzeko. Udal gobernuaren immobilismoa gaitzetsi dute.
Hospitalilloko aparkalekua, Trintxerpe. Pasaitarren artean aspaldian hautsak harrotu izan dituen gaia da aparkalekuaren arazoa. Barruti bakoitzak bere berezitasun urbanistiko nahiz demografikoak dituen arren, badirudi bizilagunak bat datozela aparkatzeko sistema birplanteatzeko beharrean; hala islatu zuen Orain Herria taldeak Pasaiako auzia izenpean ezagutzera eman zuen azterlanak ere.
Ekainaren bukaeran iragarri zuen Pasaiako Udalak herritarrek aparkatzeko izango duten ordenantza berriaren lanketa abian zela, eta ezinbestekotzat jo zuen orduan EH Bilduk herritarren parte hartzea.
Bide horretan pauso berri bat eman du koalizioak, eta deia egin diete, hartarako, Pasaiako bizilagunei: aparkatzeko sistemaren inguruan hausnartzera gonbidatu dituzte. Barruti bakoitzean saio bana egingo dute bertatik bertara arazoaren berri jaso eta konponbide zehatzak proposatu ahal izateko. Honakoak dira hitzorduak:
- Donibane. Hilaren 20ean, astelehena, 19:00etan, Juanba Berasategin.
- Trintxerpe. Hilaren 20ean, astelehena, 19:00etan, Alkateordetzan.
- Antxo. Hilaren 21ean, asteartea, 19:00etan Kultur Etxean.
- San Pedro. Hilaren 22an, asteazkena, 19:00etan Udal Aretoan (Erti).
