Ihesean zebilen auto gidari bat atxilotu dute Lezon
Irunen debekatutako maniobra egin ondoren ihesari ekin zion auto gidariak. Gaintxurizketan atxilotu dute gidaria, Ertzaintzaren furgoneta baten kontra talka egin ondoren.
Irunen debekatutako maniobra bat egin, Ertzaintzak hura ikusi, eta ihesean joan den auto gidari bat atxilotu du gaur goizaldeko 00:10ak inguruan Lezon poliziak. 34 urteko gizonezkoa da.
Irunen oraindik, trafiko urraketa egin duen gidaria geldiaraztea lortu du Ertzaintzak. Ertzain bat harengana hurbildu, eta berriz ere ihesean joan da gidaria, agentea harrapatuz eta zauriak eraginez. Horren ondorioz, poliziek dispositibo handiagoa abiatu dute gidaria gelditzeko asmoz.
Dispositibo horretan parte hartzen ari zen Ertzaintzaren furgoneta bateko kideek ihesean izan den autoa Gaintxurizketako biribilgunean (Lezon jada) ikusi dute ondoren, biribilgunea kontrako aldetik egiten abiadura handian. Autoak kontrola galdu, eta aurrez aurre talka egin du barruan sei agente zituen furgonetaren kontra. Talkaren ondotik auto gidariak lasterka ihesari berrekin dio, eta gutxi barru atxilotu dute.
Atxiloketaren arrazoiak zerrendatu ditu Segurtasun Sailak: “Giza hilketa saiakera, bide segurtasunaren kontrako hainbat delitu, ausarkeriaz gidatzea, eta alkoholemia azterketa egin nahi ez izatea”.
Gertakariaren ondorioz zazpi ertzain artatu behar izan dituzte osasun zentroetan. Atxilotua ere osasun zentro batera eraman dute, ondoren Ertzain Etxean atxilo uzteko.
