Militarrak berriz ere Lezon, matxurarekin oraingoan
Ohikoak dira militarren ibilgailuen joan-etorriak Lezon. Gaurkoan, ordea, irudi bitxia: Bekoerrota ondoan gurpila aldatzen izan dira, autobusaren erabiltzaileen jarduna oztopatuz.
Militarren ibilgailuen joan-etorriak Lezotik ohikoak dira. Jaizkibel aldera doaz gehienetan, han duten eremu militarrera. Herritarrek maiz eskatu dute eremu hori herritarren erabilera askerako izan dadila, hau da, militarrik gabeko herria eta mendia nahi dutela. Eskaera hori urtero egikaritzen dute, martxa batekin. Aurtengoa ekainaren 6an egin zuten.
Gaur ere militarren ibilgailuek Lezo zeharkatu dute. Horietako batek, ordea, irudi bitxia utzi du: gurpiletako batean matxura izan, eta Bekoerrota kiroldegi ondoko autobus geltokian izan dira biribilkia aldatzen, denbora luzez, lau-bost uniformedun. Horrek, besteak beste, Ekialdebusen autobus linearen nahiz horren erabiltzaileen jarduna oztopatu egin du.
