Basakeria erreparatze bidean?
Distantzia motzetan bizi garen garaiotan, aukera paregabea dugu inguruko bazterrak ezagutzeko. Gehienak, asko ikusiagatik ere, oso ezezagunak. Zenbat historia, pasadizo eta bitxikeria gordetzen dituzten gure etxeko harriek ere!
Badira hilabete batzuk Oiartzungo Lartaungo San Esteban elizara bisita gidatuak antolatzen dituztela astean behin. Arras interesgarriak eta gomendagarriak dira.
Asko ikasi genuen saio haietako batetik (eskerrik asko, Joxe Mari Mitxelenari hain azalpen didaktiko eta argiengatik). Orain badakigu, Oiartzungo eliza ez dela Elizarena, herriarena baizik. Era berean, Oreretako eta Oiartzungo herrien historia zeinen lotuta dagoen argi gelditu zitzaigun, beste behin.
Bi armarri erakutsi eta haien aipamena egin zigun Mitxelenak. Haietako bat, elizako sarrera nagusiaren parez pareko etxe ilaran dagoen aurrealde batek duena. Etxe hori, Oiartzunen oso boteretsua izan zen Urdiñola familiarekin ezkontza bidez senidetu zen Maleo/Malea bizkaitar familiak eraiki zuen. Ezaguna egingo zaizu izena Txirrita-Maleo industriaguneagatik. Izena, zehazki, familia horren jabetzakoa zen eta inguru haietan dagoen Maleo baserriak eman baitzion.
Armarri horrek baditu aipagarri egiten duten bi ezaugarri: alde batetik euskaraz idatzia dago; eta, bestetik, Foruen aldeko aldarria da. Izan ere, Malea Foruengatik zizelkaturik utzi nahi izan zuen jauntxo hark duela 400 urte. Zuk zeuk erraz irakurriko duzu, animatzen bazara. Nahikoa duzu irakurtzerakoan armarrian hitzen arteko zatiketa egiten duten letren arteko izarrak saihestea.
Oiartzungo armarri haien aurrean, duela lau urtetik bihotzean dudan arantza esnatu zitzaidan. Ez daukat ahaztuta –ezta hurrik eman ere!–, Oreretako Foru plazako armarri bikainarekin gertatutakoa. Zer-nolako lotsa.
Datorren urriaren 24an lau urte beteko dira etxe aurrealdea konpontzen ari ziren igeltseroek, lotsagabeki, egun argiz, ez bat eta ez bi, Echeverria-Telleriatarren armarria mailukadaka txikitu zutela.
Pentsatu nahi dut gure armarriak, gainerako ondarearekin batera, katalogatuta daudela dagoeneko. Hori baita ondarea babesteko modua
Galdezka aritu naiz gertaera sinetsezin eta tamalgarri hura ahanzturaren zakuan eroriko zenaren beldur. Antza, haren erreplika bat listo dago eta jatorrizkoaren lekuan ipini zain. Izugarrizko poza eman dit berriak, hori baita gure ondarearekin eta gure iraganarekin dugun zorra kitatzeko era gutxienekoa.
Aitzakian, zokomiran nenbilela, hara non topatu dudan Oarso aldizkariak 1961eko zenbakiko 42, 43, 44 eta 45. orrialdeetan argitaratu zuen Oreretako armarri eta ezkutarmei buruzko lana. Lan horretan, herrigunean hamar armarri zeudela aipatu zen argazki eta guzti, non dauden eta zein familiari dagozkion zehazteaz gain. Gainera, egileek Iesus deitu zituzten beste hamahiru armarri ekarri zituzten, «suntsiketatik eta zaharberritze basatietatik salbatu ziren aleak».
Duela 60 urte egindako lan haren helburua, egileen hitzetan: «Guztiak orrialde hauetara ekartzearen interesa ez da gure herrikideei guztiak elkarrekin aurkeztearen kuriositatea baino; era berean, gure ondare artistikoaren inbentarioaren egikaritzeari ekarpena egin nahi diogularik».
Ez lukete imajinatu ere egingo, 60 urte geroago, armarriak bederatzi izango zirenik. Zaila da sinestea gertatutakoa, egia esan. Pentsatu nahi dut gure armarriak, gainerako ondarearekin batera, katalogatuta daudela dagoeneko. Hori baita ondarea babesteko modua.
Egindakoak eginda daude, horrek ez du bueltarik. Artean badugu aukera, baina, ondareari, historiari, kulturari, herriari, azken batean, neurri horretako basakeria egile gisara aipatuak izan beharrean, egindako basakeriari nolabaiteko erreparazioa egiten ahalegindu ginen gisara historiara pasatzeko. Ez legoke soberan, armarriaren erreplika bere lekuan jartzen den garaian, aldamenean gertatutakoa aipatu eta sarraskiari egin zitzaion erreparazioa oroituko duen errotulu bat jartzea: errepika ez dadin, lekuko izan dadin aldrebeskeriei irtenbide eraikitzaileak eman dakizkiokeela.