Bina berdindu du Pasaiak Santutxuren aurka, sasoiko hirugarren partidan
Lortutako puntu berriarekin, zortzigarren dira zuri-gorriak Hirugarren Mailako sailkapen orokorrean. Hurrengo jardunaldia, larunbatean, Beasainen.
Jesus Mari Zamoran eman zuen aurpegia Pasaia K.E.-k atzo arratsaldean, 2-2 berdinduz Santutxuren aurka, denboraldiko hirugarren jardunaldian. Lortutako puntu horrek zortzigarren kokatu ditu Hirugarren Mailako sailkapen orokorrean.
“Oso partidu estua” izan zela aitortu dute etxeko klubeko arduradunek. Dena den, eta nahiz eta uste duten beharbada gehiago merezi zutela, harro agertu dira lortutako puntuaz eta gogotsu, denboraldiari orain arte bezain gogor ekiteko.
Ez dute atseden gehiegi hartzeko aukera izango zuri-gorriek, hurrengo partida larunbatean lehiatuko baitute, 17:00etan, Beasainen aurka, Loinaz zelaian.