Altzibarko aparkaleku berriko eta Olaldeko biribilguneko lanak astelehenean hasiko dira
Bi hilabetez iraungo dute Altzibarren 110 aparkaleku plaza egiteko lanek, nahiz Olalde eremuan trafiko segurtasuna hobetzeko egitasmoak.
Altzibarko Zelaia etxadiaren atzealdean, Aingeru eremuaren inguruan, 110 plazako aparkalekua eraikiko du Oiartzungo Udalak. Gainera, Altzibartik Karrikara doan bidean, Olaldeko sarreran, biribilgunea egiteko asmoa du. Bi hirigintza lan horiei astelehenean ekingo diete, eta aurreikuspena da bi hilabeteko epean bukatzea.
Altzibarko aparkalekuaren eraikuntza testuinguruan jartzeko, nabarmentzekoa da Agerrealde etxadiko aparkatze gunea desagertuko dela, eremu horren jabe pribatuak urbanistikoki garatzeko hautua egin duelako. Hori horrela, auzotarrek aparkatzeko tokia izan dezaten garatu du udalak egitasmoa. Parkin berritik Agerrealde eremura oinezkoentzako bidea egingo da aldi berean.
Olaldeko sarrerako biribilgunearen egitasmoa auzo batzarretan oiartzuarrek planteatutakoetatik dator, Aitzibarko zein Karrikako bileretan zehazki. Herritarrek uste dute eremu horretako trafiko antolaketa arriskutsua dela. Horri erantzuna emateko egingo da biribilgunea.