Hitanoa ikasteko edota hobetzeko ikastaro praktikoa egingo dute urriaren 19tik
Sei saiotan banatuta, azaroaren 25era arte luzatuko da ikastaroa; hika hitz egiten hastea, hobetzea edota ohitura hartzea dira helburuak.
Oiartzungo Udalak eta Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak antolatuta, hitano ikastaro praktikoa egingo dute urriaren 19tik azaroaren 25era bitartean. Hika hitz egiten ikastea, hobetzea edota ohitura hartzea dira ikastaroaren helburu nagusiak.
Zabaldutako informazioaren arabera, sei saio praktikoetan banatuta egongo da, eta eskolak astearte edo ostegunetan izango dira, Elorsoro kiroldegiko bilera gelan. 18:30etik 20:00ak bitartean aurrera eramango da ikastaroa.
Izena emateko interesa duten lagunek ondoko posta elektronikoa erabiliz egin dezakete, hilaren 27tik urriaren 10a arte. Antolatzaileek adierazi dutenez, informazio gehiagorako posta bidez edo 943 26 01 82 telefono zenbakian egin dezakete interesdunek. Debaldekoa da ikastaroa.