[Elkarrizketa] "Zentzu guztietan eskerrak eman behar dizkiot saskibaloiari"
20 urtez baino gehiagoz jokatu ondoren, udaran erretiroa hartu du antxotarrak. Orain, bizitza berriari ekingo dio bere pasioetako batean. Saskiak utzi eta itsasontzien lemak kudeatuko ditu aurrerantzean, Menorcako nautika batean.

Hainbeste urtez saskibaloiko profesionalean jokatzen aritu den kirolari batek, noiz jakiten du erretiratzeko unea iritsi zaiola?
Oso zaila da erabakia hartzea. Nire kasuan, azken urtean zehar hartu dudan erabakia izan da. Fisikoki eta mentalki nola zauden jakiteak eragin handia du. Gainera, eskaintzen dizuten kirol-proiektuak, taldeko roll-ak eta kontratuak ere badute erabakiak hartzerakoan zerikusirik. Hori guztia aintzat hartu, eta erabaki aproposena izan zen aurten nire ibilbide profesionala bertan behera uztea. Nire buruari promes egin nion ez nuela saskibaloia egoera txarrean utziko, minutu gutxi jokatzen edota gaizki fisikoki, eta horrela izan da. Zortea izan dut, jokatu dudan taldeetan garrantzitsua izan naiz eta horrela sentiarazi naute; aurten, ostera, eskaini zidaten proiektuan ez nintzen horrela sentitzen. Hainbeste denboraldiz saskibaloian aritu ondoren eta lan berriarekin, saskibaloia uzteko unea iritsi zait.
Penaz hartu zenuen erabakia?
Alde batetik, pozik hartu dut erabakia eta, bestetik, penaz. Arrauna utzi eta gero, 16 urterekin hasi nintzen saskibaloian jokatzen eta 20 urte baino gehiago eman ditut profesionaletan lehiatzen. Horretaz gain, ACB Ligan jokatu dut, horregatik ere harro naiz. Baina penaz ere hartu dut erabakia, fisikoki eta mentalki ondo sentitzen nintzen eta denboraldi-aurreak eta fitxaketak ikusten ditudan heinean, oraindik saskibaloian jokatzeko grina barruan dudala eta horiekin lehiatzeko gai naizela sentitzen dut. Hala ere, uste dut erabaki ona hartu dudala, pozik naiz eta hori da garrantzitsuena.
Sare sozialetan partekatu zenuen mezuan, etengabe eskerrak eman zenituen. Zer nolako garrantzia du kirolarien ibilbidean inguruak?
Niretzako garrantzi handia du inguruak. Tituluak garrantzitsuak izan ohi dira kirolean, baina taldeetan maitatua sentitzeak ez du preziorik. Nire iritziz, kirolari batentzat ez dago garaipen handiagorik maitatua sentitzea baino. Jokatu dudan talde guztietan maitatua eta errespetatuta sentitu naiz, oso harro sentitzen zara eginiko lanarekin. Menorcan zein Palentzian urte ugari egin ditut eta etxean izango banintz bezala sentiarazi naute.
Profesionaletan 20 urte baino gehiago eman dituzu, gauza on asko egin behar izan dituzu hainbeste urte puntan egoteko…
Batez ere, lan asko egin dut. Eguneroko lanaz gain, zortea ere aldeko izan dut. Ez dut lesio larririk izan nire kirol ibilbidean eta horrek bultzada eman dit saskibaloian urte gehiagoz aritzeko. Profesional ona izan naiz, gorputza asko zaindu dut eta nire lanean umila izan naiz. Horiek dira nire kirol ibilbideko gakoak.
Zure ibilbidearen zati handiena Menorcan eta Palentzian egin duzu. Zer dute bi hiri horiek Urko Otegi hain ondo sentiarazteko?
Palentziara 18 urterekin iritsi nintzen [2000-2002], ACB mailan zegoen Valladolidek fitxatu ninduen eta Palentzia zen haien talde binkulatua, eta bi urtean han minutu asko jokatu nituen. Ondoren, Menorcara joan nintzen [2002-2005], lehen urte ona egin nuen eta beste bi denboraldi luzatu nuen irlako egonaldia. Bigarren fase batean, beste lau sasoi jokatu nituen bertan [2008-2012] eta azken bi urteak irlan egin ditut [2019-2021], erretiroa hartu dudan arte. Emaztea eta semeak bertakoak dira, nire bizitza Menorcan osatu dut. Palentziako bigarren aroan, zazpi urte eman nituen jarraian [2012-2019], nire saskibaloi onena praktikan jarri nuen eta bi Kopa garaikur eta liga bat irabazi nituen. Arlo pertsonalean zein kirol arloan bi hiri oso garrantzitsu izan dira nire bizitzan.
Gipuzkoarra izaki, gipuzkoar saskibaloi zaleek beti izan dute Urko Otegi Gipuzkoa Basketen ikusteko gogoa. Hilabetez sinatu zenuen haiekin, baina motzegia izan al zen egonaldia? Urko Otegik geratzeko asmoa al zuen?
Hilabete eskas jokatu nuen Gipuzkoa Basketen eta nire ametsetako bat bete nuen, senide eta lagunen aurrean jokatzea. Dena den, uste dut merituak egin ditudala Gipuzkoa Basketen gehiagotan eta gehiago jokatzeko. Kirol profesionalean kanpoko kirolariak etxekoak baino gehiago baloratzen dira eta, eta nire kasuan, horrek eragina izan zuen. Edonola ere, beti izan dut Gipuzkoa Basketen jokatzeko prestutasuna.
Gipuzkoa Basket LEB mailan zegoela, aukerarik egon al zen zure itzulerarako?
Duela 17 urte gutxi gorabehera, Menorcan jokatzen nuela, Gipuzkoa Basketen eskaintza jaso nuen. Kontratu ona nuen, taldean garrantzitsua nintzen eta ACB Ligarako igoera lortu genuen. Gipuzkoa Basketek eskaini zizkidan baldintzek ez ninduten asebetetzen eta ezezkoa eman nien. Orduan itzulerarako ateak itxi zizkidan zuzendaritzak. Porfirio Fisac eta Lolo Encinas teknikariei esker jokatu nuen Gipuzkoa Basketen hilabete hura. Palentzian beraiekin lan egin nuen. 2015eko Gabonetan Gipuzkoa Basketek Fisac fitxatu zuen eta denboraldi bukaeran, Fisacek hala eskatuta, hilabete bat etxean jokatu nuen. Fisac eta Lolo Encinasengatik izan ez balitz, ez nuke nire ametsa egikarituko.
«Arrauna utzi eta gero,
16 urterekin hasi nintzen saskibaloian jokatzen»
«Uste dut merituak egin ditudala Gipuzkoa Basketen gehiagotan eta gehiago jokatzeko»
«Saskibaloiaren aitzakiarekin, bizitza osorako adiskideak egin eta familia osatu dut»
Gipuzkoa Basketetik irten ondoren, Palentziara eta Menorcara bueltatu zinen. Urko Otegik interes gehiago izan du bertara bueltatzeko, ala klubak izan dira Urko Otegi bilatu dutenak?
Urtebeteko kontratua geratzen zitzaidan Palentzian eta Donostian hilabetez jokatzeko baimena eman zidaten. Nik beti burua lurrean izan dut eta jakitun nintzen LEBen ACBn baino maila hobea erakutsiko nuela. Urte hartan, Kopa eta Liga irabazi nituen Palentziarekin, erronka berria bilakatu zen niretzat. Igoera lortu genuen, baina bulegoetan ez zen gauzatu. Gure erronka sasoi berrian titulu berria irabaztea zen, igoera lortu eta bulegoetan presioa sartu. Horregatik egin nituen horrenbeste urte Palentzian, klubaren izaerarekin eta proiektuarekin identifikatuta sentitzen nintzen. Zazpi urtek askorako ematen dute.
Azken urtean Zilarrezko LEBen jokatu duzu. Menorca Urrezko LEB mailara hauspotzea al zen zure azken erronka?
Azken ametsa zen. Menorcan momentu berezi ugari bizi izan ditut, ACB Ligara hiru igoera eta jaitsiera, besteak beste. Aurkitu nuen taldea berria zen eta erronka zen etxera itzuli eta taldea urrezko LEB mailara igoaraztea, behar duen lekura itzultzea. Pandemiarekin bueltaka bizi izan ditugun azken bi urte hauetan oso zaila izan da kirol arloan egonkortasuna aurkitzea eta ezin izan dugu mailaz igotzeko helburua bete. Play-offetarako sailkatu ginen, finalerdiak jokatu genituen, baina Zornotzak markagailu orokorrean lau punturengatik irabazi gintuen. Dena den, harro bukatu nuen taldeak eta nik neuk gauzatu genuen denboraldiarekin.
Zer balorazio egiten duzu Gipuzkoako saskibaloiaren egoeraz?
Gorabehera handiak izan ditu. Gipuzkoa Basketek bulegoetan konpondu zituen jaitsiera ugari bizi izan ditu eta, pentsatzen dut, jendartea ez zela proiektu horrekin identifikatuta sentitzen. Gipuzkoako saskibaloia ez du talde batek soilik osatzen. Gipuzkoa Basketek lortu behar duena da herrialdeko saskibaloi zale guztiak batzea eta, zentzu horretan, aurten egin dituzten jokalarien fitxaketekin, Aitor Uriondo kirol zuzendariarekin eta Lolo Encinas prestatzailearekin aurrera urratsa egin dutelakoan nago. Proiektuak aurrera egin dezan gakoetako bat da Gipuzkoa osoa talde batekin identifikatzea. Lehen ez zen horrela, eta taldearekin egin zen kudeaketa ere ez zen ona izan. Gipuzkoako saskibaloia suspertzeko bidean eta Gipuzkoa Basketek bizi duen aro berri honetan sartu diren partaide berriei zorterik onena opa diet.
Zer zor dio Urko Otegik saskibaloiari?
Eskerrak ematea, besterik ez. Saskibaloiko baloia inoiz hartu ez nuela, arrauna utzi eta 16 urterekin murgildu nintzen kirol honetan eta begira noraino iritsi naizen. Bizipen guztiengatik, sare sozialetan iragarri nuen bezala, eskerrak eman behar dizkiot saskibaloiari. Maite dudan kirola izan dut ogibide, partidak irabazi eta galdu ditut, garaikurrak eskuratu ditut eta, batez ere, jende zoragarria ezagutu dut jokatu dudan talde bakoitzean. Saskibaloiaren aitzakiarekin, bizitza osorako adiskideak lortu eta familia osatu dut.
Jokalari bezala erretiroa hartu duzu, baina kirolari behin betiko agur esan diozu? Aurrerantzean zein izango da zure ogibidea edo bizitza berria?
Saskibaloia alde batera utziko dut denbora batez. Erretiroa hartuta, utzi dudan kiroletik hurbil mantentzen banaiz, jokatzeko grina berpiztuko zait eta gerora, gaizki pasako dut. Nautika batean nabil lanean, oso gustura. Itsasoa nire bigarren pasioa da, itsasontzien mundua oso gustuko dut. Menorcako enpresa batek horretan lan egiteko aukera eman zidan eta horretan nabil buru-belarri. Saskiak lemenengatik ordezkatuko ditut. Denborak esango du nire etorkizuna berriro saskibaloira lotuko den ala ez. Eskaintzaren bat jasoko banu, momentuan hausnartu eta erabakia hartu beharko nuke. Egiari zor, beti gustatu izan zait kirol zuzendarien lana. Etorkizun batean kudeaketa lan horretan ikus nezake nire burua. Dena den, hori gerta dadin, kantxetatik eta saskietatik urte batzuk aldentzeko beharra ikusten dut.