Udalak herri eragileekiko erakutsitako babes eza salatuko dute
Lau barrutietako herritarrak udaletxe aurrean elkartuko dira bihar: "Salatu nahi dugu udalaren partetik beti ezetza jasotzen dugula, justifikaziorik gabe".
Pasaiako lau barrutietako herri eragileek bat egingo dute bihar, osteguna, udal gobernuak haien jardunarekiko azken aldian erakutsi duen babes eza bistaratzeko: “Salatu nahi dugu udalaren partetik beti ezetza jasotzen dugula, inongo justifikaziorik gabe”, aitortu dute Antxoko Topagunetik.
Azken aldian antolatu nahi izan dituzten ekitaldi kultural eta bestelako hainbat ekintzen debekua -San Pedro eta San Fermin Txikien karietara antolatu nahi izan dituzten herri bazkariak, kasu- izan da urak gainezka egiteko falta zen tanta. Normaltasun berriari hasiera eman zitzaionetik salatu dute interesik ez duela agertu udal gobernuak euren saiakerak babesteko.
Aipaturikoak agerian jartzeko, elkarretaratzea egingo dute bihar, 19:00etan, udaletxearen aurrean.