Hibaika: "Proiektu berri bat egonkortzea du helburu Arrizabalagak"
Josetxo Arrizabalagak (Pasaia, 1961) Hibaikako gizonezkoen txaluparen gidaritza hartuko du urritik aurrera.
Josetxo Arrizabalagak (Pasaia, 1961) Hibaikako gizonezkoen txaluparen gidaritza hartuko du urritik aurrera. Gizonen taldearen dinamika aldatzera dator klubak jakinarazi duenaren arabera, eta proiektu berri bat egonkortzea du helburu epe labur ertainera, “gizonen txalupak ikusgarritasuna irabaz dezan bilatuko dugu, taldea egonkortuta eta indartuta”. Imanol Cascante sampedroarrak beste arraunlari ohi eta entrenatzaile bati pasa dio lekukoa, eskarmentu handikoa da Arrizabalaga.
Arrizabalagaren lorpenen artean, Kontxako 4 bandera daude (hiru arraunlari gisa, bat entrenatzaile gisa), beste 60-70 bandera itsas lehiaketetan, Gipuzkoako eta Euskadiko traineru Txapelketetan, banku mugikorreko Espainiako txapelduna izan da bi aldiz.
Ez da berria Hibaika Arrizabalagarentzat, aurretik ere aritu zen Ondartxoko klubean, 2010ean hain zuzen ere. Orduan ere, gizonezkoen txaluparen entrenatzaile aritu zen, karguan urtebete eman ondoren, lekukoa Alex Orenari eman zion. Hamar urte pasa geroago itzuli da pasaitarra Hibaikara, eta aurpegi berri asko izango ditu, bai zuzendaritzan, bai teknikari-taldean. Hemendik aurrera, klubaren aukerekin bat datorren plantilla bat diseinatu beharko du, harrobian arreta berezia jarriz.
Klubak gogoan izan du Imanol Cascante entrenatzailea eta orain arte egindako lana eskertu dio, “lan nekeza eta profesionala egin baitu klubean, une oro erabat inplikatuta, batez ere unerik txarrenetan. Aitortza egin nahi diogu, esker ona adierazi eta munduko zorte guztia opa diogu bere ibilbide berrian “.
Cascanteri egokitu zaio bi urte gogor kudeatzea COVID-19aren pandemia testuinguruan, “gizonen txaluparen emaitzak nabarmen baldintzatu dituen faktorea. Bi urte horiek oso desberdinak izan dira elkarren artean, eta oso plantilla desberdinak izan dituzte beteranoei eta eskarmentuari dagokienez; agian zorte pixka bat falta izan zaio emaitza hobeak lortzeko. Izan ere, 2020ko uda, martxoa-apirila arteko konfinamenduak baldintzatu zuen; gizonen trainerua ia maiatzean hasi zen itsasoan entrenatzen. Eskarmentua eta gaztetasuna uztartzen zituen txalupa zen, kalitate eta izen handiko fitxaketekin ere bai, baina azkenean ez zen gauzatu helburua eta frustrazioa eragin zuen arraunlarien artean. Garai hartan sanpedroar beteranoak esan zuen bezala, ‘Ez gara gai izan udan egindako entrenamendu onak lehiaketan islatzeko'”.
Aurtengo udan, Cascante harrobiko arraunlari askoz gazteagoekin aritu da, baina COVID-19a klubean sartu eta taldea ia bi astez berrogeialdian egon zen, entrenatu eta uretara atera ezinik. Hala ere, taldeak erantzuten asmatu duela ligaren bigarren zatian uste du Hibaikak, “Madalenek laugarren eta bosgarren postuak lortu ditu, sailkapen-taularen goiko aldean kokatuz une jakinetan”.
Arrizabalagak laster hasiko duen ziklo berriaren aurrean, Ondartxon, harrobiarekin eta 2022ko udari begira buru-belarri lanean ari dira, gizonezkoen txalupak dagokion lekua aurkituko duelakoan.