Inoizko ilusio handienarekin ekin dio Landarbasok ikasturte berriari
Gaur aurkeztu dituzte denboraldirako duten egitaraua, asmo eta ametsak aurkezteko, eta pandemiak arnas hartzen utziko dien esperantzarekin.
Ikasturte ia osoa etenaldian eman ostean, inoizko ilusio handienarekin itzuli da Landarbaso ikasturte berriari ekiteko prest. Gaur aurkeztu dituzte denboraldirako duten egitaraua, asmo eta ametsak aurkezteko, eta pandemiak arnas hartzen utziko dien esperantzarekin. Iñaki Tolaretxipi Landarbaso Abesbatzaren zuzendariak eta Maddalen Dorronsoro formazioetako zuzendariak eman dute ikasturte berriaren gaineko informazioa, Maite Gartzia Kultura zinegotziarekin batera gaur goizean Lekuona Fabrikan egin duten agerraldian.
Pandemikaren eraginez ohiko jarduna ohi bezala egiteko aukerarik ez dutela izan aurreko denboraldian nabarmenduta hartu du hitza Dorronsorok, “ikasturte honetan inoiz baino indar handiagoarekin gara bueltan”. Horri, gainera, abesbatzak egun gutxi barru 30 urte beteko dituela erantsi dio Dorronsorok; Dizdizka eta Kontari gazte eta haur abesbatzek ere urteurrena dute aurten, zehazki, bost urte bete dituzte bi horiek., “2021-2022 ikasturte barez, ospakizun denboraldia izango da Landarbaso barruko talde guztientzat”.
Txikienetik handienera joan da Dorronsoro lehen hitzorduen berri emateko garaian. Hala, Kontari Landarbaso abesbatzak oso proiektu berezia duela esku artean azaldu du, eta horren aurkezpena azaroaren 20an egingo du: “Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira . Musikal parte hartzailea izango da, eta eskubide horien aldarrikapena eta txikien ahotsak bat egingo dute”. Kontzertu horretan, gainera, Eva Ugalde konpositoreak taldearentzat bereziki urteurrenaren harira idatzitako obra estreinatuko dute.
Landarbasoko Dizdizka gazte abesbatzak bere aldetik, amaitu berri du Frantzian zein Katalunian barrena egindako bira. arrakasta handiko kontzertuak zian direla azaldu du Dorronsorok. Lehen hitzordua ikasturte berrian, azaroaren 21ean izango du, Dizdizka eta Lagunak kontzertuarekin; gonbidatu bereziak izango dituzte, herriko kultur eragileak eta hainbat artista tartean.
Laura Jekobson konpositore letoniarrak taldearentzat berariaz idatzitako obra ere estreinatuko du Dizdizkak, eta 2022ko lehen hiruhilekoan abesbatza gazteen topaketa antolatzen ari da. Horrez gain, entzutetsua den gazte abesbatzen zuzendari batekin tailer bat zehazten ari da Dizdizka, ikasten eta aberasten jarraitzeko.
Musika tailerra ere martxan
Landarbaso Abesbatzak musika tailerra jarriko du martxan ikasturte honetan ere. Ahotsa ardatz hartuta, abestuz, dantzatuz eta perkusio txikiko instrumentuak joaz hasten dute musika ibilbidea modu ludikoan. Ikasturte honetan ahots teknika koraleko eta musika hizkuntzako saioak bueltan izango dira Landarbasoko taldeentzat.
Landarbaso Abesbatzari dagokionean, Costa Blancan (Alacant) egindako bira arrakastatsuarekin amaitu zuela pasa den ikasturtea esan du Tolaretxipik. Hitzez hitz ikuskizun berria estreinatu zuen abuztuan Kanbon, eta datozen hilabeteetan ere horretan jarraituko du, Maulen (urriak 30), Hendaian (urtarrilaren 22an) edota Donapaleun (otsailaren 12an). Lehengo sasoian izandako proiektu handienetako batek, Xabier Leteren omenez egindako hesia Urraturik oratorioak larunbatean izango du amaiera. Egun horretan izango dute laster argitaratuko duten diskorako azken grabaketa eguna. Lehen hitzordua, halere, Musikasterekin izango du urrian.
Kalitatezko proiektuen aldeko apustu sendoa egiten jarraitzen du abesbatzak eta horren harira, talde artistikoko kide batzuk Rigara bidaia egingo dute (Letonia) abenduan ahotsa teknika korala, entsegu teknikak eta errepertorioari buruz ikasten jarraitzeko.
Bide beretik, Janis Liepins zuzendari entzutetsua Errenterian izango da urtarrilean Landarbasorekin lan egitera etorrita. Letoniako korurik onenean. Kamer Korisen hezi eta ondoren taldearen zuzendari izatera iritsi zen , eta 2013an Europako Abesbatzen Sari Nagusia lortu zuen. Errenterian egingo den tailerra abeslariek osatuko duten etengabeko prestakuntza exijentearen parte izango da, taldearen planen barruan baitago pandemiak ahalbidetzen badu behintzat, nazioarteko lehiaketa garrantzitsu batean parte hartzea..
Landarbaso abesten hasi nahi duten haur eta gazteek, azkenik, aukera dute izena emateko. Horretarako abesbatzaren web orrian eman behar dute izena.