Lezo eta Donibane lotzen dituen bidegorria "lehenbailehen" nahi dute
EH Bilduko koalizioek bat egin dute aldundiari lanak urtea bukatu aurretik has ditzan eskatzeko. Oinezko eta txirrindularientzat arriskutsua dela argi dute.
Pasaia eta Lezoko EH Bilduk bat egin dute “kezka” adierazteko Lezo eta Donibane lotzen dituen bidegorriaren azken atala sortzeko obra oraindik lizitatu ez duelako aldundiak.
Europako mugikortasun astean gaudela baliatu du koalizioak Batzar Nagusitan dituen ordezkarien bitartez Rafaela Romero lurralde antolaketa eta mugikortasun diputatuari (PSE-EE) obra “lehenbailehen” has dezan galdegiteko: “Herritarrok ezin dugu gehiago itxaron, eta bidegorriaren azken atalari dagokion obra gehiegi atzeratzen ari da, honek oinezkooi eta txirrindularioi suposatzen digun arriskuarekin”.
Urteak igaro dira Gipuzkoako Foru Aldundiak Oarsoaldeko bi herriak lotuko zituen bidegorriaren obrak hasi zituela. Proiektu horren lehen bi atalak bukatuta daude, baina azkena (Donibanetik gertuen dagoena) oraindik hasi gabe dagoela salatu dute bilkideek.
Oposizioko taldeek uste dute ez dagoela aitzakiarik lanei ez ekiteko: “Proiektuaren egikaritzea etengabe atzeratzen joan da eta 2021eko aurrekontuan obra hori egiteko finantziazio nahikoa jasotzen den arren, urtea amaitzen ari da eta ez dugu obra hori egingo den zantzurik ikusten. Are gehiago, Lezoko EH Bilduk gai honen inguruan udalbatzarrean galdetuta, ez genuen inolako informaziorik jaso alkatearen partetik”.
Urtea bukatu aurretik obra martxan nahi dute, “donibandarrok eta lezoarrok ezin dugu gehiago itxaron”. Gainera, iritzi diote ez dela zilegi tokiko udal gobernuek eta aldundiak Europako mugikortasun aste honetan gaiarekin konprometituta daudela aldarrikatzea, “gero gure herriak lotzen dituzten bideak eta bidegorriak urte luzez amaitu gabe eta abandonaturik dituztenean”.