San Quiles eta Urbiongo gainak hartuko dituzte Itsastar eta Mendizaleek
Bi mendi taldeek irteera antolatu dute astebururako. Larunbatean abiatuko dira 1.300 metroko lehen tontorrera, eta igandean gailurreratuko dute 2.300a.
Trintxerpeko Itsastarrak eta Herrerako Mendizaleak taldeek elkarlanean antolatu duten hurrengo irteeraren berri eman dute. Datorren asteburuan izango dute ibiltariek hitzordua, 06:00etan abiatuz, larunbatean, Trintxerpetik.
Autobusak Angianora (Errioxa) eramango ditu mendizaleak, Demanda mendilerroko San Quiles tontorra (1.342 metro) gailurreratzeko; bidearen iraupena 4 ordu pasatxokoa da. Igandean hartuko dute Urbion tontorrerako bidea (2.339 metro), Castroviejotik (Soria) abiatuz, ia 6 orduko iraupena duen ibilbidea egiteko.
Arduradunek ohartarazi dute bi jardunaldietan “iraupen eta zailtasun gutxiagoko” beste bide bat egiteko aukera ere eskainiko dutela.
Gaua Vinuesako (Soria) Visontium ostatuan pasako du taldeak. Pentsio erdiagatiko prezioa (ostatua, afaria eta gosaria), busa barne, 75 eurokoa izango da bazkideentzat, eta 80koa bazkide ez direnentzat.
Informazio gehiago posta elektroniko bidez harremanetan jarrita lor dezakete interesdunek.