EH Bildu: "Luzuriaga da aukera bakarra azokaren eraispenaren aurrean"
Oposizoko koalizioak "kontrakotasun osoa" adierazi du azoka berria Biteri plazan eraikitzearen proposamenarekiko. Luzuriaga eskuratu nahi dute.
Urte bukaeran hastekoa den topoaren lurperatzeak eragin nabariak izango ditu Antxon nahiz antxotarren egunerokoan. Horien artean zaratatsuenetako bat izan da, herritarren artean, azoka hartzen duen eraikina eraitsi beharra.
Euskal Trenbideen Sareak ordezko eraikina egiteko finantziazioa emango dio udalari, eta Izaskun Gomez alkatearen asmoa da birkokapen hori Biteri plazan eraikin berri bat sortuz egitea. EH Bilduk “kontrakotasun osoa” adierazi du proiektu horrekiko, eta ordezko proposamena egin diote udalburuari: “Luzuriaga eraikina berreskuratzea eta azokak egun jasotzen dituen udal ekipamenduak bertan ezartzea”.
Oposizioko koalizioak argudiatu du Antxoko frontoi zaharrean eraikuntza berri bat egitea obra luzeegia litzakeela, eta, hartara, azokakoak ezingo liratekeela ordeztu lanek iraun bitartean. Horrez gain, gogora ekarri dute udalak plazaren erabilpenaren inguruko parte hartze prozesua abiatu zuela 2009an, eta orduko kontsulta batean herritarrek bertan “ezer ere ez eraikitzea” erabaki zutela. Antxotarrekin biltzeko eskatu die EH Bilduk PSE-EE eta EAJri.
Aldundiaren asmoa
Aldundiak publikoki adierazi du Luzuriaga eraikinean bere ekipamendu bat sortzeko interesa duela. EH Bilduren ustez, horrek aukera-leiho bat irekitzen dio udalari azokako jarduerak lekualdatzeko, ekipamenduan nahikoa leku badela -3.000 metro koadro baino gehiago- uste baitute aldundiaren eta pasaitarren gobernuaren ekintzak uztartzeko.
Gehiago esan dute bilkideek: “Gainera, jakin badakigu, Espainiako Kongresuan EH Bilduren taldeak egindako galderen ondorioz, Espainiako Gobernuak predisposizioa duela eraikina saldu, laga edo bestelako aukerak aztertzeko”.