ETBk ez zekien esatari bat Guardia Zibilaren txalekoarekin agertuko zela albistegian
Zuzendaritzak ziurtatu du ez zekiela kazetariak Guardia Zibilaren ontzi batera igoko zirela Pasaiako uretan egindako operazioaren berri emateko.
Uda hasieran arriskutsua izan zitekeen arrantza sare bat itsas hondotik jasotzeko operazioa egin zuten hainbat erakundek Pasaian, eta ETBko esatari batek Guardia Zibilaren ontzi batetik eman zuen horren berri, euren txaleko bat soinean zeramala.
Uztailaren 27ko irudiak hautsak harrotu zituen sareetan, eta komentarioen artean EH Bilduko Gasteizko legebiltzarkide Josu Estarrona Elizondok harridura azaldu zuen, eta ontzi horretara igotzeko hautuari buruz galdetuko ziola zuzendaritzari iragarri zuen. «Pasaian ez da egongo, ez, beste itsasontzi edo txaluparik gai honen inguruan informazioa emateko».
Gaur erantzun dio Andoni Aldekoa EITBko zuzendari orokorrak Eusko Legebiltzarretik eginiko galderari. Hark azaldu du hedabidea ez zela Guardia Zibilarekin harremanetan jarri ezertarako, eta argi utzi nahi izan du ez dagoela “lankidetza orokorrik” EITBren eta haien artean.
Gehiago ere esan du Aldekoak: “Pantailan ikusi arte, informazio-zerbitzuek ez zekiten kazetaria, kamera eta audio operadorea zein ontzitara igo ziren”. Ez esatariak, ez talde hartako beste inork ere, ez zion aurretik esan ETBko zuzendaritzari zein ontzitatik emango zuten gertaeraren berri.