Begi-bistan ez dagoena
Urrunean dagoen Afganistan herriarekin badut aspaldidanik halako harreman berezia. Gogoan iltzatuta gelditzen diren irudiak, sentsazioak eta nota solteak. Oroimenean. Minean.
Gaztetan izan nuen lehen aldiz haren berri. Opioaren herria. Gure kaleetan ezagunak ziren hainbat sustantziaren jatorria bertan zegoela esan ziguten. Tartean, heroina. Handik honako bidean zenbat pertsona eta gobernu aberastu zitekeen aitortu gabe.
Gazte askoren bizitzaren truke irabazitakoa zertarako zuten agertu gabe. Gogoan ditut futbol estadio batean ikusitako irudiak ere: lurrean belauniko, burumakur, emakume bat (esatariaren arabera) zapi batez estalita. Eta atzetik burura egindako tiroaren hotsa. 1999ko azaroa zen. Kabuleko futbol estadioa jendez gainezka. Azken momentuan ihes egiteko keinu laburra egin zuen.
Burka izeneko azal urdina da bereziki gogoan dudana. Nor ote zapiaren azpian? Aurpegirik gabeko emakumeak. Hain emakume ankerra ote? Umiliazioa ikuskizun? Gerora Kalashnikov-aren jo puntuan zegoenak Zarmeena izena zuela irakurri nuen. Senarra hiltzea leporatu zioten. Aitortua omen. Zer ez ote zuen jasango.
Eta aitortzen dut, ez da elkartasun keinua izan. Baina urtetan Interneten batean edo bestean herria aukeratu behar izan dudanean afganiar naizela jarri dut. Izan ere, ez dut herrien zerrenda horietan nirea inoiz topatzen.
Urrunean dagoen lur-muturra izan arren, orain bi urte afganiar asko aurrez aurre ikusteko aukera izan nuen Lesbos uhartean. Moriako errefuxiatu gunean. Bizarra moztuta zuten gizonezko gazteak ziren, gehienak. Ilea luze zeramaten emakumezkoak. Eta inguruan haur asko. Ekialdeko ezaugarri bereizgarriak zituzten askotariko aurpegiak, nahastezinak. Begirada ahaztezinak.
Handik bueltan Bartzelonako kazetari ezagun batek Afganistanen urteak egin ondoren idatzitako liburua eskuratu nuen: Bernabé, Mònica (2012) Afganistán, crónica de una ficción. Begi-bistan ez diren bizipenak, errealitateak. Askotariko soldaduak, armak, kontrolak, gerra hotsek hartzen dituzten kaleak, osasun gabeziak. Mendi garaiak. Eta egunero bizia gailurretara ihesi doakiela nekez eusten dioten emakumeak. Duintasun apurrak hauts artean. Bakardade gordinak. Eta aldi berean aurre eginez biziratuen duten emakume ausartak. Afganiarrak. Hezkuntza ikur. Klandestinoak. Orbainak erretako azalean.
Ez da halakoak jasaten dituen munduko lur-mutur bakarra. Bai, gurean ere badago nora begiratua. Baina nago, 20 urteko urteurren markatua aitzakiatzat hartuta iritsi zaizkigun mezu eta irudi andanan, begi-bistan ez dagoena ikusteko
begirada zorroztu beharko dugula.
Ekialdea eta mendebaldea arteko azala hautsi. Esaten eta ikusten ez dena agertu dadin.