Berritze lanak amaituta, zabalik da Mikel Odriozola estadioa
Beraungo estadioan eragiteko bigarren fasean, futbol zelaiko belar artifiziala berritu, Futbol 7ko zelai berria jarri, atletismoko pisten zoladura berritu, eta kirol ekipamendu berriak jarri dituzte.
Mikel Odriozola estadioa zabalik da berriro, birgaitze lanak amaituta. Beraungo estadioan eragiteko bigarren fasean, futbol zelaiko belar artifiziala berritu, Futbol 7ko zelai berria jarri, atletismoko pisten zoladura berritu, eta kirol ekipamendu berriak jarri dituzte. Gaur egin dute irekiera ofiziala Aizpea Otaegi alkateak, Maite Gartzia Kirol zinegotziak, Eneko del Amo Hirigintza zinegotziak, Rafaela Romero Lurralde antolaketa eta Mugikortasun diputatuak, eta Goizane Alvarez Kirol diputatuak; halere, irekiera ofizial horretara itxaron gabe, bertan ari diren kirol elkarteak, eta herritarrak hasiak dira baliatzen eremu publiko hori dagoeneko.
Bi urtez jardun direla estadioa berritzen ekarri du gogora Otaegik, bi fasetan, “bigarren fase honetako lanak amaituta erabilgarri dago, berriz ere, bertan jarduten diren kirol talde, Koldo Mitxelena ikastetxerako espazio hori erabiltzen baitu gorputz heziketa egiteko, baita herritarrentzat oro har”. lehen fasean, estadioan estaldura berria jarri zuten, atletismoa egiten dutenek, euria egiten dutenetan ere izan dezaten lehorrean erabiltzeko aukera; eta bigarren fasean, albiste hasieran aipatutakoez gain, bestelako azpiegiturak sortu direla aipatu du, “luzera eta altuera jauzia egiteko, 60 metrotan korritzeko sei kale berri egin dira, eta hainbat hornidura ere berritu da. Inbertsio handia izan da udal inbertsioa izateko. Bi faseek 1.270.000 euroko inbertsioa suposatu dute, eta foru aldundiarekin izan den lankidetzari esker izan da egingarri, aldundiak %49 finantzatu baitu”.
Gipuzkoako Foru aldundiko bi departamenturen eskutik jaso da diru zati hori: Kirol departamendutik 480.000 euro jarri ditu, eta mugikortasun eta Lurralde antolaketa departamenduak, berriz, 140.000 euro bigarren fasean.
Goizeko zortzietatik arratsaldeko laurak arte dago erabilgarri estadioa herritarrek modu librean erabil dezaten, paseatzeko edota kirola egiteko.
Mikel Odriozola estadioa, gehien erabiltzen den udal ekipamendua
Beraungo estadioa, Errenteria-Oreretan gehien erabiltzen den udal kirol ekipamendua dela nabarmendu du alkateak, “kontuan izan hemen egoitza dutela hiru klubek: Beti Onak zortzi klub federatu baino gehiagorekin; Orereta Kafeak sei talde baino gehiagorekin; CAR Errenteriako Atletismo Taldeak ere hemen du egoitza. Horretaz gain, Eskola Kirola egiteko guneetako bat da, eta eskoletako 1.000 haurretik gora erabiltzen dute; futbol 7 txapelketa ere hemen egiten da eta 1.000 lagun eta 50 taldetik gora hartzen dute parte. Koldo Mitxelena Institutuak ere Gorputz Hezkuntzarako erabiltzen du. Daukan erabilera kontuan hartuta, ahalegin ekonomikoak merezi izan duela pentsatzen dugu”.
Beharren arabera ekitea dela Alvarezek eta Romerok berak zuzentzen dituzten aldundiko bi departamenduen lehentasuna esan du Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa diputatuak, “beharrak identifikatuta, elkarlanean aritzea da aurrera egiteko bidea espazio publikoen beharra handiagoa den azken aldi honetan. Agintaldia hasi zenetik hala ari naiz, Errenteria, Lezo eta Pasaiako udalekin. Arlo ekonomiko, sozial eta birgaitze beharrari erreparatuta indikatzaileek adierazitakoari jarraiki aukeratu dira hiru udalerri horiek. Aldundiak egin duen apustua herritarrentzat espazio publikoak berreskuratu eta irisgarritasuna handitzea izan da”.
Zuzentzen duen departamenduak garraio publikoa blindatzeko konpromisoa mantenduko dutela esan du Romerok, “ezinbestekoa da aukera berdintasuna bermatzeko; Mugi eta Lurraldebusez ari naiz. Aldi berean, Pasaialdeko udal hauei errekurtso horiek eskaintzen jarraitzeko konpromisoa ere aipatu nahi dut departamentuaren aldetik. Pasaialdea lehentasuna da, eta Pasaia, errenteria eta Lezorekin hitzarmenak ere”.
Gartziak bere aldetik kirol taldeek estadioan egindako birgaitze lanen ostean egin duten balorazioaz aritu da: “Oso pozik daude, behar handia zegoen eta batez ere futbolari begirako beste zelai bat behar zen, futbol 7koa. Entrenamenduekin hasi dira. CARekoek, ere esker ona adierazi dute. alde horretatik, beraz, kirol taldeak pozik estadioan egindako lanekin eta hobekuntzarekin”.