[Erreportajea] Izanari zentzu berri bat emateko uztak
Arraztalok 11 urte daramatza gaixotasun psikikoren bat dutenekin lurra goldatzen. Barazki ekologikoak banatzen dituzte astero. Zerbitzu berri bat abiarazi dute.
[Gaur Gipuzkoako HITZAn publikatu den erreportajea] 2010ean jaio zen Arraztalo, Oiartzungo gaixo psikikoen elkartea. Begiak atzera jiratu ditu sortzaileetako batek, Kontxi Larrañagak, bere neba-arreben kasuaz mintzatzeko: “Anaia eskizofrenikoa dut, eta ahizpa Arrasateko Aita Menni psikiatrikoan bizi da”. Oiartzuarrak ez zuen ahizparen patu berbera nahi anaiarentzat. Bide horretan trabak topatu zituen, medikuek desgaitasun osoa eman nahi ziotelako nebari ere, baina Kontxi Larrañagak “argi ezetz” esan zuen, “horrela ezingo zuelako lanik egin, 40 urte baino gutxiagorekin etxean geldituko zelako”. Ez gutxi borrokatuta, lortu zuen %67ko menpekotasuna aitortzea.
Garai hartan eman zituzten lehen aitzurkadak gaixotasun psikikoren bat duten hainbat oiartzuarren senideek. Elkarteko kide ez ezik, Larrañagaren seme ere baden Jon del Olmok testuinguruaren berri eman du: eragindako askok parte hartzen zuten orduan eskualdean zegoen programa okupazional batean, eta, krisiak gogor jo zuenean, proiektua eten egin zuten; Oiartzungo Udalak erabaki zuen diru laguntza mantenduko zuela, “‘baina zuek kudeatu beharko duzue’, esan ziguten”. Orduan sortu zuten senideek Arraztalo elkartea.
Aho beteko premisa bat zeukaten: gaixotasun psikikoren bat zutenek ordainpeko okupazio bat behar zuten. Senitartekoetako bati otu zitzaion berak zuen lursail batean baratzea sor zezaketela. “Deus ere kobratu gabe, hortxe hasi ziren hiru langile lurra prestatzen”, azaldu du Larrañagak. Lantegi hobeezina da hori, haren arabera, anaiarekin “fabrika asko” bisitatu baititu lanerako. “Baina ikusten nuen ez zela ongi egokitzen leku itxi batean, aulkitik mugitu ezinik, argi artifizialarekin, kateko lanean”.
Lan integraziorako programa sendotuz joan da, eta, gaur-gaurkoz, lau baratze lantzen dituzte desgaitasuna duten lau langilek eta bi begiralek. Uzta horiekin, kontsumo taldeko 30 familia elikatzen dituzte; alegia, bazkide direnei sasoian sasoiko barazki ekologikoak banatzen dizkiete. Elkar elikatzen dutela aitortu du fundatzaileak: “Herriak asko eman digu, eta bueltatu egin nahi diogu”.
Enpresetara banatzen
Asteleheneroko topalekuari zerbitzu berri bat gehitu dio Arraztalok. Kontsumitzaileak plazara bertaratu beharrean, barazkiak lantokira eramango dizkiete inguruko enpresetako langileei. Astean behin, bezeroekin adostutako egun eta orduan, elkarteko banatzaileak lokaletara joango dira barazkiak eramatera. Baldintza bakarra gutxienez hiru saski eskatzea izango da.
Berretsia zuten formatuak bizilagunekin funtzionatzen zuela: “Moldatzen dira; haiek etorri ezin badira, seme-alabak datoz saskien bila”. Baina Oiartzungo komertzioetako langileei ere aukera eman nahi zieten eskaintzaz gozatzeko. “Kanpotik ere etortzen dira langileak, eta, agian, ez dute izaten euren herrietan sasoiko barazki ekologikoak eskuratzeko aukerarik”.
Zerbitzu berriak bistakoak diren alde onak dituen antzera, Del Olmok onartu du zenbait kontraesan ere sortu zaizkiela, taldearen muina lausotzen baitu prozedura berriak. Izan ere, asteleheneroko puntu finkoarekin bat egiten dute Oiartzungo beste hainbat produktorek ere, eurenak saltzeko. Horrek elkarlan sarea sortu du, elkarteko zein kanpoko jendea bertaratzen baita azokara.
Horrekin batera, “auzolana” hartu du ahotan Arraztaloko kideak: “Baratzeetan laguntza behar denean, demagun, bizilagunek eskua eskaini ohi digute hemen [asteleheneroko azokan]”.
Integrazioaz harago
Etorkizuneko erronkez ere mintzatu dira. Programa sendotzeko hurrengo pausoak Lanbideren enplegu zentro berezi bat sortzea beharko luke izan. Horrek gaixotasunen bat dutenen bilakaera gainbegiratzeko lana zentralizatuko luke, orain alderdi teknikoa antolatzen duten kide bi baititu elkarteak; ez, ordea, gizarte arloko lanketa egin dezakeen inor.
Proiektuak trantsizio izan asmo du. Kide askori gaitzak bizitza proiektua eten die; urteak eman dituzte egoera gorabeheratsuetan, askok eta askok senideen babespean, eta, nolabait egonkortzeko, berriro martxan jartzeko laguntza izan nahi du elkarteak. Del Olmo sinetsita dago hainbat kide lan merkatu “arruntean” sartzeko prest leudekeela orain, hartarako baliabide egokiekin. Horiek falta dituzte.
Egiteko asko dagoela nabarmendu du Larrañagak: “Familia da pertsona hauen bitarteko bakarra; jendeak estigma bat dauka, eta gizartean ikusezinak dira”. Bide onetik doazela badaki, edonola ere, ez baita gutxi dagoeneko lortu dutena. “Anaiak etxean badu zer kontatua, hitz egiteko motibazio bat; hori guretzat asko da”.