[Erreportajea] Pasaitar guztiek aparkatzeko aukera izan dezaten
Barruti bakoitzean bilera bana egin du EH Bilduk aparkatzeko sistemari buruz hausnarketa egiteko. Oinezkoak lehentasun, hainbat proposamen egingo dizkiote ordenantza berriari.
Aparkalekuaren arazoa ez da gai berria pasaitarrentzat. Lau barrutietako bakoitzak berezitasun urbanistiko nahiz demografiko berezkoak dituen arren, guztietako bizilagunak bat datoz aparkatzeko sistema birplanteatzeko beharrean.
Ekaina bukatzear zela iragarri zuen Pasaiako Udalak aparkatzeko ordenantza berri bat sortzeko bidean zela herriko gobernua, eta funtsezkotzat jo zuen orduan EH Bilduk herritarren parte hartzea. Pasaitarren nahi eta beharrak jasotzea, dokumentu egokia osatzearren.
Sistemari buruz hausnartzeko saio bana egin dute barruti bakoitzeko, bertatik bertara arazo konkretuen berri jaso dutela adierazi du oposizioko koalizioak, eta proposamen zehatzak aurkeztu asmo dizkiote udal gobernuari Antxo, San Pedro, Trintxerpe eta Donibaneko bizilagunen egunerokoa errazteko.
Hitza harremanetan jarri da udal gobernuarekin aparkatzeko ezartzekoa den arautegiaren nondik norakoen berri jasotzeko, baina ez du erantzunik jaso. Ordenantzari buruzko detaileak eta alkatearen asmoen berri Pasaiako bilkideek eman dituzte, aipaturiko batzarretan.
Iraitz Pazos zinegotziak hartu du alderdiaren bozeramailetza joan den astean eginiko bileretatik ateratako ondorio nagusia —lau barrutiek partekatzen dutena— zehazteko: «Lurgaineko aparkalekuetan bertako bizilagunei lehentasuna eman behar zaie, egoiliar sistema ezarriz
Egoiliarren txartel gehiegi
Lehen pausoa udalerriko erroldan zenbat ibilgailu dauden egiaztatzea litzateke, beharko lukeen kopurua ez baitator bat, gaur-gaurkoz, legez ezarritakoarekin. 6.520 dira Pasaian erroldatuta dauden autoak (motoak, furgonetak eta ibilgailu bereziak zenbatu gabe) eta kopuru hori, EH Bilduko kideek arabera, «altuegia da dagoen aparkaleku eskasiarako».
Barrutien datu zehatzak eman dituzte: Antxon ia 1.000 egoiliar txartel gehiago daude araudiak ezarritakoa baino: 2.100 bizilagunek dute baimena eskuratzeko eskubidea, eta 3.000tik gora daude banatuta. Donibanen 5oetik gorako aldea dago (319 legezko baimen, eta 370 txartel inguru); San Pedron ezarrita dagoen egoiliarrentzako eremuan egoera berbera errepikatzen dela aitortu du Pazosek: «Behealdean indarrean dagoen sistemarako txartel gehiegi daude, eta horrek disfuntzioak eragiten ditu».
Antxon ia 1.000 egoiliar txartel gehiago daude araudiak ezarritakoa baino
Trintxerpen ez dago egoiliar sistemarik, eta hori bizilagunak «bereziki haserre» egoteko arrazoietako bat dela aitortu zuten bileran, bertakoa ez den jende askok barrutian aparkatzen duela bistakoa delako. Aitortu dute egoerak nabarmen okerrera egiten duela Andonaegin futbol partidak daudenean eta udaran, San Pedrok erakarritako bisitariengatik bereziki.
Soluzioak, lauen onura bila
Koalizioak argiro adierazi du aipaturiko gehiegitasuna udal gobernuaren kudeaketa txarraren ondorio dela: «Txartelei ez zaielako baja eman, datuak ez direlako gurutzatu eta kontrola galdu delako».
Horren aurrean, ezinbestekotzat jo dute hutsetik hastea, erroldak gainbegiratzea eta txartel berriak sortzea. Horretan bat datoz alkatearen ordenantza berriak proposatzen duenarekin. Dena dela, zalantzati agertu dira Izaskun Gomezek baimenak berritzeko aurreikusi duen prezioarekin: 30 euro ordaindu beharko dute pasaitarrek eguneraketarako.
Hori eginda, proposamen espezifikoak dituzte barruti bakoitzerako: Antxori dagokionez, Gomezen asmoa Eskalantegi, Lorete, Darieta, Berra, Molinao eta Buenavistako bizilagunei egoiliarren txartelak kentzea da. Bertako biztanleak, teknikoki, donostiarrak diren arren, «bizitza Antxon egiten dutela» adierazi du oposizioak, eta, beraz, zuzengabekotzat jo dute erabakia: «Soluzioak ezin du izan herriaren erdiari bakarrik erantzungo dion ordenantza bat».
Mugen auziaren aurka egin eta ordezko soluziotzat aurkeztu dute, besteak beste, indarrean dagoen egoiliarren sistema betearazteko tresnak eskuratzeaz gain (matrikula irakurgailuak, kasu), gauetarako espezifikoki aparkaleku berriak sortzea; adibide bezala jarri dute Luzuriagako parkinean oinezkoentzako bidearen zati bat hartarako baliatzea, gauez bakarrik.
30 euro ordaindu beharko dute pasaitarrek txartelen eguneraketarako
Donibanen turismoarekin loturiko soluzioa galdegin dute. Nahiz eta urtean zehar hango arazoa txikiagoa izan —barrutian aparkatzeko plaza gehiago daude bertakoak diren autoak baino—, jaiegunetan, Aste Santuan eta, bereziki, udaran, bizilagunek arazoak dituzte aparkatu ahal izateko.
Hori dela eta, egoiliarrentzako bigarren eremu bat ezartzea proposatu dute (momentu honetan 2001etik indarrean dago Donibane kaleko ordenantza); hartarako, portuarekin negoziatzeko aukera jarri zuten mahai gainean bizilagunek bilkuran, bereziki behealdeko zonaldea egoiliarrentzat esklusiboki izan dadin.
Horrekin batera, bisitari askoko garaietan Bizkaia plazan TAO sistema ezartzeko aukera baloratzea ere eskatu zuten. Hori guztia, xede nagusi batekin: trafikoa herrigunetik ateratzea.
Trintxerperen kasuan, EH Bilduk salatu du hori dela udalak «abandonatuen» duen barrutia trafikoaren erregulazioari dagokionez. Egoiliarren sistemak ezartzeko eskatu dute, oraingoz kalerik ez baita haientzat erreserbatua dagoenik.
San Pedrokoa izan zen azken bilera. Pazosek uste du bertan ezarrita dagoen egoiliarren sistemak funtzionatzen duela, eta hori Arraunlari kalera -alboan- zabaldu nahiko lukete, sanpedrotarrentzat bi eremuak gordeaz. Bereziki, goiko kaleetan bizi direnek behar dutela espazio berria uste du alderdiak.
EH Bilduk argi utzi nahi izan du aparkalekua ordenatzea funtsezkoa dela, nagusiki, espazio publikoan oinezkoen segurtasuna bermatu ahal izateko, «haiek dira lehentasuna; aparkatzea ez da eskubidea, beharra da».
Gomezek ez du publikoki udalaren asmoen inguruan hitz egin. Txartelen reseta egin, berriak sortu eta Donostiako antxotarrak sistematik ateratzeko asmoen berri udalbatzako alderdiei eman die, eta informazio hori euren bitartez lortu du hedabide honek.