Kontzientziak zirikatzera dator feminismo gaztea
Neska Gazteen Topagunea antolatu du biharko Zirika neska gazte taldeak. Baterajotzerako motorrak berotzen hastea da helburua, baita herriko nesken arteko sareak eta konplizitateak jostea ere.
Neska gazteen topaketa egingo dute bihar Errenteria-Oreretako gaztetxean, Zirika Neska Gazte Taldearen eskutik. Topaketaren helburua, hilaren 8, 9 eta 10ean Elizondon izango den Baterajotzeari begira motorrak berotzea da. Hala, egun osoko egitaraua antolatu dute herriko 15 urtetik gorako neska gazte guztiei begira. Formakuntza tailerra, pankartak margotzea, bazkari autogestionatua, bingo musikatua, bertsolariak, musika emanaldia Maialen Aristegiren eskutik, eta ekitaldia antolatu dituzte.
Ez da Baterajotzea, baina, helburu bakarra izango. Biharko ekitaldia feminismoaren bueltan saretzen jarraitzeko baliatu nahi du Zirikak. Horrela azaldu dute neska gazte talde horretako kide diren Alaitz Aguadok, Laia Urretabizkaiak, Maitane Txapartegik eta Ekiñe Ramosek.
Bi urte dira Zirika martxan jarri zutenetik. Pandemiaren ondorioak ere sumatu dituzte. Hala ere, emankorra izaten ari da hartutako bidea eta hamaika dinamika antolatu dituzte, neska gazteak eta feminismoa erdigunean jarrita. Herrian erreferentzialtasun bat lortu dutela sinetsita da Urretabizkaia, eta iritzi horrekin bat egin dute beste hiru taldekideek ere: «Aurreko astean neska gazte bat gurekin harremanetan jarri zen gizonezko baten azarpena salatzeko, eta sare sozialen bidez zabaltzeko eskatzeko». Ez da eraso matxistak jasan dituzten neska gazteek haiengana jotzen duten lehen aldia, «kontuan hartzen gaituzte».
Gaztetatik antolatzea, gakoa
Gaztetatik antolatzen hastea beharrezkoa dela uste dute. «Kontzientzia hartzea garrantzitsua da, hainbat egoera identifikatzeko aurrez; agian ez duzu jakingo nola jokatu, baina jakingo duzu ez dela egokia, identifikatuko duzu jarrera matxista, erasoa, edo mikromatxismoa dela, eta hori garrantzitsua da». Antolatzeari beste bertute bat ikusten dio, gainera, Ramosek: «Lekukoa hartzeko harrobia prest izatea». Harago jo du Urretabizkaiak: «Feminismoak ahots gazte bat ere behar du, gazteok ere badugu zer esan, gure kezkak ditugu, gure espazioak. Horiek lekua behar dute».
Beldurrak eta lotsak alde batera utzita gerturatzera animatu ditu Aguadok herriko neska gazteak, eta ekitaldiak gaztetxean izatea muga ez bilakatzea espero du Ramosek: «Saiatu gara herriko beste eremuetara eramaten egitaraua, baina ez da aukerarik izan leku faltagatik». Bihar sortuko dutena espazio erosoa izango dela nabarmendu du Urretabizkaiak: «Beti ari gara espazioak konpartitzen gizonekin eta jarrera matxistak eta mikromatxismoak egunero ematen dira; bihar sortuko dugun espazioa erosoa izango da, halako jarrerez librea izango delako».
Gazte izateak eta aurreko belaunaldien borrokak ez ditu haiek ere mikromatxismoez libratu; «ikastetxeetan oso nabarmenak dira» kexu da Txapartegi. Hezkuntza ereduan jarri du fokua Urretabizkaiak, «ez dago prestatua erantzuteko eta gauza asko aldatu behar dira oinarritik». Taldearen lehentasunak ere aipatu dituzte laurek: «Saretzea gure lekua hartuz feminismoan, kalean, hezkuntzan… Lan handia dugu aurretik».
Larunbateko ekitaldian parte hartzeko izena eman beharra dago, eta horretarako Zirika taldearen Twitter eta Instagram kontuetara jo behar dute. 10:00etan izango da hasiera.
Baterajotzea izango dute biharko jardunaldiaren ondoren hurrengo geltokia. Horretan parte hartzeko ere izena eman beharra dago, 600 lagunean jarri baitute aforo muga Elizondoko topaketarako. Pandemia testuinguruan, halako topagune seguruaren beharra sumatu dutela diote: «Euskal Herriko neska gazteak bilduko gara bertan, sareak eta konplizitateak josteko ezinbestekoak dira halakoak».
Esker ona mugimendu feministari
Esker ona azaltzeko tartea ere baliatu nahi izan dute Aguado, Urretabizkaia, Ramos eta Txapartegik. Izan ere, pasa den urteko azaroaren 25aren harira kalean egindako pintaketengatik isuna jaso zuten hainbat taldekidek. 150 euroko isuna jarri zieten, identifikatu ostean. Ordainketa hori, Oreretako Mugimendu Feministak bere gain hartu duela jakinarazi dute: «Gertaera bera nahiko lotsagarria izan zen, baina horren harira jaso dugun babesa eta eman diguten laguntza oso positiboa izan da. Horrekin gelditzen gara».