Ostegunetik aurrera, Arraskuelarreko eremu batean txandaka aparkatu beharko da
Zazpi aparkalekutan txandaka utzi beharko da autoa. Hogei minutuz, gehienez, aparkatu ahal izango da. Zamalanen eremua ere egongo da.
Datorren ostegunetik aurrera —hilak 7—, Arraskuelarre kaleko zazpi aparkalekutan txandaka aparkatu beharko da.
Merkataritza establezimenduen ordutegian egongo da indarrean txandakako aparkatze sistema hori. Hogei minutuko aparkatze denbora izango da honako ordutegian: 09:00etatik 13:30etara, eta 15:00etatik 19:30era, astelehenetik ostiralera.
Oiartzungo Udalak gogorarazi duenez, Arraskuelarre kalean mugikortasuna egiteko hainbat egokitzapen egin dituzte. “Honela”, gaineratu du udalak, “Arraskuelarre kaleko alde bat oinezkoentzako pasabide segurua izango da aurrerantzean, zeuden trabak kendu ondoren eta segurtasunerako altzariak jarrita”.
Aparkalekuez gain, zamalan eremu berri bat sortu da Belutene inguruan. Horretarako, Arbelaizenea etxearen parean zegoena mugitu dute. Zamalanen eremuaren kasuan, ordutegia 06:00etatik 14:00etara izango da. Kasu horretan ere, astegunetan izango da.
Planoa hobeto ikusteko, egin klik hemen.