Lan munduan txertatzeko poloa abiarazi dute
Berpiztu programaren barruko inbertsioen barruan dago lan munduan txertatzeko poloaren egitasmoa. Atzo bisitatu zuten programaren arduradunek.
Berpiztu programaren barruko laneratzeko polo jarduera programa orokorra abiarazi zuten atzo, programa horretako lehen jarraipen bileraren barruan. Aldi berean, batzarraldi horretan hainbat lantalde osatu dira Berpizturen jarraitzea xehetasunez gidatzeko: Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratze zuzendaritzako, Lanbideko eta Oarsoaldea Garapen Agentziako kideek osatuko dituzte lantalde horiek. Jarraipen bileraren ondoren, Badia Berri bisitatu zuten batzordekideek: eskualdeko pertsona eta kolektibo ahulenak jarrita, lan munduan pertsona horiek txertatzeko enpresa da Badia Berri, Lezoko industrialdean dago.
Berpiztu Eusko Jaurlaritzaren ekimenez abiatutako programa da, Oarsoaldea biziberritzeko plan estrategikoan jasotako ardatzak garatzeko. Orotara 24 milioi euroko inbertsioa ekarriko du horrek, zazpi lan ildotan banatuta. Eskualdeko ekonomia suspertzea, enplegua dinamizatzea, eta enpleguaren kalitatea eta genero berdintasuna bermatzea dira hiru ildo nagusienak, eta horiek beste lau ildotan egikarituko dira: Badia Berri gizarteratze enpresa, gizarteratzeko eta laneratzeko berrikuntza eta esperimentazio gunea, enplegu plan integrala, eta Oarsoaldeko inklusio sarea.
Plana gauzatzeko batzordean honako kideak daude, aldi berean atzoko batzarrean parte hartu zutenak: Alfonso Gurpegi Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordea; Maria Gloria Mujika Conde Lanbideko zuzendari nagusia; Francisco Pedraza Moreno Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordetzako Enplegu eta Gizarte zuzendaria; Miguel Angel Sanchez Lezoko Udaleko zinegotzia; Aizpea Otaegi Mitxelena Oarsoaldea Garapen Agentziaren egungo presidente eta Errenteriako alkatea; eta Fernando Nebreda Oarsoaldea Garapen Agentziaren kudeatzailea.