'Bokale', Pasaiako Euskararen Plan Estrategikoaren gidari
Euskararen Aholku Batzordeak irudi eta izen berria ditu. Horiek, nahiz datozen hamar urteetan euskara indartzeko estrategiak, gaur goizean aurkeztu dituzte.
Eguerdiko 12:00ak jota ezagutarazi dute, badiaren sorburua atzealdean, Pasaiako Aholku Batzordearen irudi nahiz izen berria -Bokale-, eta datozen hamar urteetan (2021-2030) martxan izango den Pasaiako Euskararen Plan Estrategikoa.
Lehen euskararen plana 2010-2020 epealdirako osatu zen. Saiakera horren kariaz, Pasaian euskarari bultza nola egin aztertu eta hori egikaritzeko ekintzak martxan jarri zituzten hainbat herritarrek, udalarekin elkarlanean. Ziklo hura itxitzat emateko balorazio bilerak egin zituzten maiatzean, eta bertatik jasotako ekarpenak bigarren plangintzaren abiapuntu izango dira orain.
Datozen urteetarako erronkak
Joan den hamarraldiko lanak fruituak eman dituela aitortu dute. Horien artean, ahotan hartu dituzte, besteak beste, Aholku Batzordearen sorrera bera, pasaitarren aktibazioa euskararekiko, eta ahozkotasunaren indartzea.
Dena den, euskararen errotzeak Pasaian bide luzea duela aurretik argi dute. Abiarazi berritako planaren erronkak ez dira, gero, makalak: euskara haur eta nerabeen aisialdian txertatu nahi dute, eta merkataritza nahiz ostalaritza establezimenduetako hizkuntza paisaian eragin.
Hori lortzeko gakotzat jo dute ahalik eta eragile gehien batzea plan estrategikora. Ikastetxe, euskaltegi, merkatari, aisialdi-, kultur- nahiz kirol-elkarteez gain, lan munduko eragileak, gazteak, auzo elkarteak nahiz gizarte eragileak prozesuaren partaide bihurtu nahi dituzte.
Abiatzeko komunikazio kanpainaren giltzarriak aipatu dituzte: 12 pasaitar “erreferente” hautatuko dituzte bizilagunak euskarara hurbiltzeko; galdetegi bat zabalduko dute herritarren iritzia jasotzeko; galdetegitik jasotakoa ondoren egingo dituzten bileretan landuko dute, barrutika bina batzar ireki eginaz, eta arloz arlo beste bina.
Azken ideia bat nabarmendu nahi izan dute goizeko topaketan: Edonork du lekua Pasaiako Euskararen Plan Estrategikoaren osaketa prozesuan. Ez da beharrezkoa izango euskaraz jakitea, erdaldunen edota euskaraz ongi moldatzen ez direnen iritziak funtsezkotzat jo dituzte eta horiek ekarpenak egitera deitu dituzte.
Datorren ostiralean, estrategia horiei buruzko nahiz plan estrategiko berriaren detaile gehiago emango ditu hedabide honek erreportaje batean. Bokaleko hainbat kideren hitzak jasoko dira bertan: Nahikari Otermin (Euskara zinegotzia), Edurne Urkiola (Pasaia-Lezo Lizeoko zuzendaria), Maddi Osoro (Kuadrillategiko koordinatzailea), Patxi Azparren (Antxoko AEK-ko ordezkaria) eta Juncal Olaizola (Karmengo Amako zuzendaria).
Bokale
Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak egindako hausnarketa prozesutik jaio zen Bokale izena. Ez da ausazkoa izan gaurko agertokiaren hautua, eta ezta izendapen berria ere, bokalea bera baita, arduradunen arabera, Pasaiaren bereizgarri.
Lau barrutiak kolore banarekin irudikatu nahi izan ditu Txakur Gorria diseinu taldeak, badiaren tankera hartu duen logoan. Irudi hori erabiliko du aurrerantzean aholku batzordeak.