"Zerbait erabaki dezakegu antxotar bezala? Niri ez didazue galdetu"
Alkateak adierazi du topoaren zubiak eraitsiko dituztela, obrak bukatu eta urtebetera. Atzoko udalbatzarrean, hitza hartzeko tartea izan zuten hainbat antxotarrek.
Atzoko ezohiko udalbatzarrean hamalau gai -mozioak kanpo- egon ziren mahai gainean. Puntu horietako batek eraman zituen hamarka antxotar batzar aretora: hamairugarrenak. Horren onarpenak Euskal Trenbide Sarearen (ETS) eta Pasaiako Udalaren arteko lankidetza hitzarmena onartzea suposatzen zuen, azokaren ordezko eraikuntza egikaritzeko. EH Bildu izan zen aurka bozkatu zuen alderdi bakarra.
Alderdi politikoen argudiaketak
Ahal-Dugu Podemosena izan zen lehen interbentzioa. Julen Rodriguezek aldeko bozkaren zergatia azaldu zuen: “Aukera ezberdinak jarri ziren mahai gainean azokaren ordezko eraikina egiteko, eta, gure iritziz, arkitektoekin hitz eginda, hautu onena elizari itsatsitako azokarena da”.
Epeez mintzatu zen Rodriguez erabakia arrazoitzeko: “Erabaki honekin arau subsidiarioak aldatu beharko ez direnez, eraikin berria azkarrago eraiki ahal izango da, eta azokako erabiltzaile nahiz elkarteek gutxiago sufrituko dituzte kalteak”.
Jeltzaleen hitza Loreto Osak hartu zuen, argi uzteko, lehenik, azoka ordezteko zeuden aukera ezberdinak konparatzeko azterlan bat egin zela, eta horretan oinarrituta hobetsi dutela San Fermin parrokiari itsatsitako aukera. Hori esanda, harridura erakutsi zuen Osak bilkideekiko, horiek proposatu izan dituzten alternatibak prentsan irakurri behar izan dituela aitortu baitzuen, “proposamen horiek ez baitira inoiz udalera iritsi”.
Hainbat galdera ere egin zizkien oposizioko udalbatza-kideei: “Zenbatean lagako luketen eraikina jabeek badakigu? Badakigu estrukturalki berreskuragarria ote den? Gogoan izan behar dugu suteak egon direla. Argitu da eraikin babestua den, ala ez, edo zein den bere kalifikazioa?”. EH Bilduri leporatu zion bozeramaileak “joko arriskutsuan” sartu izana, “proiektua momentuan exekutagarri gisa saldu” izanagatik.
Jeltzaleen hitzen ildo berean jarraitu zuten sozialistek, Lore Suarezek berretsi baitzuen topoaren lurperatze proiektuaren lehen pausoak eman zirenetik (2010) egunera arte udalbatzako alderdi batek ere ez diola sekula idatziz eta era formalean aurka egin bileretan aurkeztutako erabakiei, ez eta ordezko alternatiba ofizialik erregistratu udalean.
EH Bilduri leporatu zion Osak “joko arriskutsuan” sartu izana, “proiektua momentuan exekutagarri gisa saldu” izanagatik
Mintzaldia hasi baino lehen Iraitz Pazosek (EH Bildu) alkateari galdegin zion puntua plenotik erretiratua izan zedin, “eta aprobetxatua izan dadila tarte hau Antxon interlokuzioa irekitzeko”. Izaskun Gomezen ezezkoaren aurrean -publikoko hainbatek euren haserrea ageriko egin zuten orduan-, EH Bilduren aurkako bozka justifikatu zuen Pazosek.
Salatu zuen erabakia “bulegoetan egosi dela, herritarrekin eta gainontzeko alderdiokin honen inguruko daturik lehenago partekatu gabe”. Horrez gain, gogora ekarri zuen 2009an abiarazitako parte hartze prozesua, non Biterin ez eraikitzeko erabakia hartu zuten antxotarrek. Herritarrei nahiz azokak hartzen dituen eragileei galdetzeko eskaera egin zion alkateari, haiekin erabakia adosteko.
Topoaren biaduktuaz ere mintzatu zen. Eraispena epe laburrera gertatuko ez den zerbait bada, obrak “zentzurik gabeak” liratekeela iritzi zion.
Antxotarren hitza: “Parte hartu nahi dugu”
Gaiaren eztabaidak luze jo zuen pleno aretoan; ia ordubete igaro zen udalbatzarra hasi eta, alderdi guztiek euren mintzaldia egin ondoren, bertaratutako antxotarrek hitz egiteko aukera izan zuten arte.
Hitza hartu zutenen ideiak batean laburbil litezke: Antxoren etorkizunaren partedun izan nahi dute bizilagunek. Alkateari birritan galdegin zioten eurekin biltzeko, lurperatzeak eragingo dituen afekzioei erantzuteko irtenbideak eurekin adosteko; haiek baitira, finean, bertan bizi eta azpiegitura horiek erabiltzen dituztenak.
Udalbatzako alderdiak aparte utzita, argi eta garbi adierazi zuten ez dela egia, herritarrek behintzat, idatzizko proposamen formalik aurkeztu ez dutenik udaletxean. 2015eko maiatzaren 1ean erregistratutako dokumentu baten berri eman zuten. Horrez gain, udal arduradunen “sekretismoa” ere salatu zuten, lanek zuzenean kaltetutako herritarrek -besteak beste, azokako erabiltzaileak-, hedabideengatik jaso baitute eraispenaren berri, aitortu zutenez.
“Zerbait erabaki dezakegu herritar bezala? Niri ez didazue galdetu”, mintzatu zen azokako erabiltzaileetako bat. “Oraindik ez dakit nire seme-alabek non jokatuko duten, San Ferminak non egingo diren, adinekoek non egingo duten gimnasia, Alkartasunak non dantza egingo duen”. Zalantza guzti horien artean bat nabarmendu zuen: zergatik ez diren berehala eraitsiko topoko zubiak: “Bestela zer irabazten dugu? Bost urte hipotekatuta, ezertarako ez?”.
Horri erantzun argia eman zion Izaskun Gomezek: “Akueduktua bota botako da; obrak bukatu eta urtebetera“. Erabakiaz poztu baziren ere, ekintzen ordenak bestelakoa behar lukeela sinetsita agertu ziren antxotarrak, “ez baita berdina egin eta bota, edo bota eta egin”.
Botazioa: hiru alde, bat kontra
Horiek guztiak esanda, botaziorako unea heldu zen. Aurretik jakina zen moduan, Ahal Dugu-Podemosek, eta EAJk eta PSE-EEk osaturiko udal gobernuak puntuaren alde bozkatu zuten. EH Bilduk, ordea, kontra.
Antxotarrek batzar aretoa hustu zuten jarraian.