Elektriken gehiegikeriei, txistu
Elektrikek poltsikoak irabaziekin gainezka dituzten bitartean, herritarrak itotzen jarraitzen dute. Haserrea kalera atera zuten herritarrek atzo.
Elektriken kontrako atzoko protestaren irudi bat. Nekea nabarmena da. Ez da gutxiagorako, elektrikek poltsikoak irabaziekin gainezka dituzten bitartean, herritarrak itotzen jarraitzen dute, argindarraren prezioa mugarik gabe igoz. Haserrea kalera atera zuten atzo arratsaldean GOT Grupo Oarso Taldeak deituta hainbat herritarrek. Iztieta eta Biteri kalearen arteko bi oinezko pasabideen bi aldetara jarri ziren protesta egitera bildutakoak, txilibitu, sirena, lapiko eta kartelekin eta oinezkoentzako semaforoa zabaldu aldiro errepide erdira eraman zuten protesta.
Zaratatsua eta alaia, elektriken iruzurra salatzeko hautatu zuten modua, musika ere ez zelako falta izan atzoko protesta horretan.
Bidean zihoazen autoek, dezentek, bat egin zuen protestarekin bozina joz.
Iruzurra eta “lapurreta” salatzea zen helburua; baita gaurko itzalaldi zaratatsuarekin bat egitera deitzea jendea. Izan ere, gaurko, 22:00etatik 22:30era itzalaldi zaratatsua deituta dago argindar enpresei mezu garbia helarazteko: herritarrak nekatuta daude haien abusuekin, eta ez daude prest onartzeko. Gaurkoan beraz, hitzordu masiboa, ahalik eta handiena, norberaren etxeko balkoi edo leihoan ilunpean, lapikoa, txilibitua, edo zarata egiten duen edozerekin, ozen esateko, nahikoa dela.
