Ez da aurretiazko hitzordurik beharko HAZ bulegoetara bertaratzeko
Ohiko funtzionamendua berreskuratuz, aurretiko hitzordurik gabe artatuko dituzte pasaitarrak datorren asteazkenetik aurrera.
Pandemiak eragindako larrialdi egoera bukatutzat eman denez gero, Pasaiako Udalak egokitzat jo du herritarrei arreta emateko udal-zerbitzuetan (HAZ bulegoak) ohiko funtzionamendua berreskuratzea.
Hori horrela, hilaren 13tik aurrera (datorren asteazkena) Donibane, Trintxerpe eta Antxon dauden bulegoetan aurretiaz hitzordurik eskatu gabe artatuko dituzte herritarrak (09:00etatik 14:00etara). Gizarte Ekintzan oraindik tramite hori jarraitu beharko da, pandemia aurretik ere egiten zen bezala.
Hilaren 11n, Pilarika egunagatik, itxita egongo dira Trintxerpe eta Antxoko bulegoak. Donibanekoan (udaletxeko eraikinean dago hori) arreta eskainiko dute ohiko ordutegian, baina oraindik ere aurretiko hitzordua eskatu beharko da. Harremanetarako telefonoa honakoa da: 943 34 40 34.