Kurkubi, entrenatzea eta jokatzea baino askoz gehiago
Lezoko saskibaloi taldeak talde bakarra osatu ahal izan du sasoi berrirako. Ez jokalari faltagatik, entrenatzaile nahikorik ez dutelako baizik. Kirol horretako beste arloetan formazioa ematen dute.
Gipuzkoako Junior Mailako ligan jokatuko duen taldea da honakoa. Ilusioz gainezka daude. Bi edo beharbada hiru talde osatzeko adina jokalari dituzte, baina entrenatzaile faltagatik, 2021-2022 sasoian talde bakarra izango du lehian Kurkubi Saskibaloi Klubak, nesken Junior Mailakoa. «Entrenatzaile gabezia izugarria dugu», zehaztu du taldeko presidente eta entrenatzaile Irlentz Quiñonesek. Kluba utzi behar izan zuten hainbat entrenatzailek, horregatik hutsunea. Beraz, kadeteak eta juniorrak elkartuta, taldea osatu dute. «Azken urteotan gurekin egon diren gazteen aldeko apustua egin dugu», esan du Kurkubikoak. Senior Mailakoek entrenatu bai, baina ez dira lehian ariko.
Kantxan izango duten taldearen sasoiko xedea formazioan eragitea izango da batez ere. Jokatzeko unea da haientzat, nahiz eta adinean nagusiagoak diren jokalariak izan aurrez aurre, hainbat taldekide kadeteak direlako. Pandemiagatik 560 egunetik gora daramate partida ofizialik izan gabe, entrenatzen. «Sasoia prestatzeko bi partidetan garaipenak lortu ditugu, puntuen alde nabarmenarekin gainera. Etorri berriek eta gaztetxoenek minutu asko izan dituzte, hau da, jokalari guztiak sartu dira partidetako dinamikan. Itxaropentsu gaude», dio, harrotasunez, Quiñonesek. Hilaren 15ean, ostiralarekin, hasiko dute liga lezoarrek Bekoerrotan Ibaeta Bera Beraren kontra (20:30).
Formazio osoa
Klubaren osasunaz galdetuta, jokalarien kopuru aldetik gustura daudela azaldu du arduradunak. Ahulgunea entrenatzaileak dira, eta ez Lezon bakarrik; Gipuzkoako klubetan maiz errepikatzen den arazoa da prestatzaile faltarena.
Entrenatzeaz eta jokatzeaz harago, ordea, saskibaloia era integralean ulertzen duten Kurkubin. Azken 2-3 urteetan saskibaloi epaile edo partidetako mahaietako arduradunen (anotazioa eta denbora eramaten dutenak) formazioak landu dituzte jokalariekin. Aurtengorako erronka da entrenatzaileak formatzea, «ea datorren sasoian gaztetxoekin entrenatzaile berri bat dugun».
Badute beste pizgarri bat: hilaren 31n eta azaroaren lehenean, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako Haur Mailako selekzioen arteko lehia antolatuko dute Lezon.
